2004an Donostian egin zenetik ez nuen aukerarik izan Manifesta berriz ikusteko. Manifesta delako elkarte pribatuaren asmoa Europako hiri ezberdinetan biurtekoak antolatzea da, bertako sare kulturalarekin batera. Manifestaren helburua kultur arazoen gaineko hausnarketa egitea da, artearen, arkitekturaren eta hirigintzaren bitartez. Horretarako elkar-sortzearen metodologia erabiltzen du, bidaiatzen duen hiri bakoitzeko kultur eragileekin lan egin ahal izateko. Parakaidismo ariketatik urruntzea izan da azken urtetako asmoa, hasierako ekitaldiak susmo hori piztu zuelako. Egia esan, Donostiako esperientziak ez zuen zeharo baztertu kanpotik etorritako eta bertan sortu ez zen behar bati erantzuten zion ekimen baten itxura.
Aurten 15. Manifesta Bartzelonan ari dira egiten, irailaren 8tik azaroaren 24ra. Ia hiru hilabete hauetan erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte hiri inguruan, aurtengo berezitasuna Bartzelonako aldirietan sakabanatutako ekimena izatea baita. Horregatik, hiriaren erdialdean baino gehiago, Bartzelonaren inguru industrial edo periferikoan kokatu dira Manifestaren egoitzak: L’Hospitalet, Santa Coloma, Granollers, El Prat, Cornella, Santa Cugat, Badalona, eta beste hainbat tokitan.
Deszentralizazio horren bidez, Bartzelonak jasaten duen turistifikaziotik ihes egin nahi badu ere, gustatuko litzaidake jakitea zenbat jende bertaratuko den aipatutako egoitza batzuetara. Hiritarren artean sumatu dudanaren arabera, bi erakusketa edo eraikin ari dira jasotzen arreta handiena: Sant Adria del Besoseko zentral termiko ohian jarritako erakusketa eta El Praten dagoen Can Gomis edo La Ricarda izeneko etxean antolatutakoa.
Sant Adriako zentral termikoaren hiru tximinia erraldoiek 2011n utzi zioten kea botatzeari; ordutik hutsik dago eraikina, eta auzotarren bizi baldintzek gora egin badute ere, ez dago oso argi eraikinarekin zer gertatuko den. Norbaitek Bartzelonako Tate izendatu duen eraikin izugarria bertatik bertara eta barrutik ikusteko lehen aukera izan dute bertako biztanleek. Esatea tristea bada ere, batez ere Manifestakoen antolatzaileentzat, ez dirudi arteak erakarri duenik jendea Sant Adriara, hiru tximiniak lehen aldiz bisitatzeko aukerak baizik.
Antolatzaileek ahaleginak egin dituzte eraikin bakoitzera egokitutako artelanak erakusteko, eta, horregatik, kutsadura, klima larrialdia, tokiko memoria historikoa edo antzeko gaiak aztertzen dituzten instalazio ikusgarriak edo arruntagoak ikus daitezke egoitza horietan. Horrek betiko zalantza dakar gure burura eraikin industrial hauetan erakusten diren lanen inguruan: edozein gauzak eragina izan dezake ikuslearengan horrelako leku batean? Edo artelanek berezko indarra izan dezakete tokia hori edo beste edozein izan? Edukiontziak edukiei itzala egiteaz gainera, erakusketa batek lanen arteko harremana izan behar duela iruditzen zait, nahiz eta horrelako kasuetan zaila izaten den koherentzia minimo bat mantentzea, espazioak agintzen baitu lanen kokapenean eta aukeraketan.