Ismael Manterola
BEGIZ

Mapa

2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Badirudi batzuetan administrazioak egin beharko lukeena partikularrek egiten dutela, eta ez da berez txarra.

Aurreko astean, Okela izeneko kolektiboak Euskal Herriko artisten mapa aurkeztu zuen Bilboko Kafe Antzokian. Juan Luis Morazak 2007. urtean Guggenheimen antolatu zuen Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak izeneko erakusketari egin zioten erreferentzia aurkezpenean, baina beraien proiektua bestelakoa dela argitzeko. Kartografia hark zituen zuloak betetzera omen dator Okelak egindako mapa; artista gazteagoen partaidetza bilatzen duelako elkarren berri jakiteko. Txalotzeko moduko ekimena dela iruditzen zait, artistengandik beraiengandik datorren ekimena delako, batez ere.

Aspaldian Jon Sarasuak militantzia erakundeen lanaren bidez ordezkatu genuela esan zigun, hau da, Euskal Herrian kulturaren instituzionalizazioan sartuta geundela ondorioztatu zuen.

Agian azken garaiko krisi giroak arte mundua erakundeen babes handirik gabe laga duelako edo, artisten edo arte inguruan dabilen jendearen arteko elkarlan eta ekimen ugari ikusten ari gara. Okela. Sormen lantegia testuinguru horretan ulertzen dut. Hiru artista elkartu ziren aurreko urtean lan egiten zuten lokalari bizitza emateko. Norberaren lana egiteaz gain, proiektuak, zerbitzuak eta abar eskaintzen dituzte. Hala ere, ekimen nagusiak arte munduaren dinamizaziora bideratuta daudela ematen du. Besteak beste, artistei eztabaidarako elkargunea eskaintzea da interesgarriena. Orain, Euskal Herriko artisten kartografia osatzen hasi dira; ideia sinplea baina eraginkorra eta erabilgarria. Artisten zerrenda hutsaren aldean, kokapena eta informazioa ematen du artistari buruz. Horrekin, ezagunagoak diren artistekin batera, beste asko ezagutzeko aukera daukagu; adibidez, Leitzan eta Biarritzen bizi diren artisten berri izango dugu, Bilbo, Donostia eta Iruñean bizi direnekin batera. Gaur egun, teknologiek ematen diguten tresnekin ez dago zentroari eta periferiari buruz hitz egin beharrik. Hirietan ezagun egiten diren artistekin edo ikusgarriagoak direnekin batera, beste asko ezagutzeko aukera ematen digu Okelaren webguneko mapak. Irrikan nago ikusteko pixkanaka-pixkanaka osatuko den artisten kartografiak nolako Euskal Herriko mapa marrazten digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.