Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Markadun zapatak

2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bizitza porrot txiki eta handiz osatuta dagoen kabroikeria bat da finean.Horrela, gordinik hartuta, kendu poesia, kendu lirika guztia, kendu Facebooken jartzen dituzten irakurgai melenga eta okaztagarriak eta zer gelditzen zaigu? Larrugorritasun lotsagarrienean utziz gero, gelditzen zaiguna da aukeratu ez dugun gustu txarreko txantxa bat, horixe baino ez. Baina, zoriak, halabeharrak edo txiripa alu batek esnatutako kontzientzia ahul horri lotzen gatzaizkio hortz eta azkazal, bizirik irauteko senak hala aginduta. Senak aginduta, badu grazia gero!

Gustura onartzen ez duguna onartzen derrigortzeko tresna ezin hobea da sena. Sena eta polizia, dena bat. Arnasa hartzen, itzala egiten, planeta desitxuratzen eta gainontzeko gizakiak izorratzen jarraitzeko agintzen digun bulkada zentzugabea da sena, baina ongi betetzen du bere funtzioa, bizirik mantentzen gaitu, suizidio kolektibo erabatekoa eragoztea lortu du, orain arte, bederen. Egia ere bada, Emile Cioranek esaten zuen gisan, ez duela merezi geure burua hiltzen nekea hartzea, beti beranduegi hiltzen dugulako. Orokorrean guztientzat balio duen hau (badakizue aberatsek ere negar egiten dutela) argiago eta gordinago sentitzen dute bizitzaren ur haserretuetan barrena, txalupa ziztrin batekin, nabigatzea tokatu zaienek, arraun bat hemen galduz, lagun bat hor, itxaropen bat han… Galtzaile esaten diete, loosers, perdedores… Eta hitz horrek esanahi iraingarria duen arren, kultur mugimendu undergroundak liluraz eta are sema positiboz apaindu du.

Esate baterako, Tom Waits deskatxarratuaren Frank pertsonaia datorkit burura (bere urte basatiak eskegi zituen kako batean, eta 30.000 dolarreko mailegua onartu zuen, %4ko interesean), edota Bukowski brageta-lohiaren Henry Chinaski xelebrea. Biak ala biak antiheroiak, alkoholikoak, misantropoak… alegia, larunbat arratsaldeetan ostiko bat eman eta milaka agertzen diren horietakoak, zera, pertsona normalak. Pertsona normalen parodia nahi baduzu, baina pertsona normalak, azken buruan.

Guztiok badakigu, interesatu denak gutxienez bai, fikziozko pertsonaia bat sinesgarria eta betea izateko akatsak izan behar dituela, galera txiki-handiak, orbanak… Ez baitira gogoko suertatzen pertsona lau, beti zuzen, akatsgabeak. Gorrotagarri egiten zaizkigu, gehienbat ez dagoelako horrelakorik, dena itxura delako, nahiz eta neoliberalak jota-ke ari zaizkigun etengabe mito hori eraiki nahian, Opuseko gizaki perfektuak badaudela sinetsarazi nahian: ongi orraztutako gazte katoliko birjin zentzudun arduratsu aratzen bidez. Eskumako kumeak, gizartea zuzentzera deituak izan direnak. Edota aseguru-etxeen iragarkietan agertzen diren ume ile hori, azal zuri, kaukasiko, lacostedun beti zoriontsu horiek pantailaratuz.

Baina ez dugu irensten. Ez jauna. Galtzaile izango gara, baina ez baboak. Ez dugu sinesten agian perfekziorik ezan aurkitu dugulako perfekzio erabatekoa. Eta horixe gertatzen da musika eta literaturan, looser edo galtzaile horiek duten arrakasta ikusita.

Erromantizismo garaian zerabilten jarrera bera da, nolabait, oinazez betetako pertsonaia erakargarriak eraikitzea, bizitza, azken finean, kabroikeria bat dela esaten dizutenak, neurtutako baldreskeria xarmantez, ilea desorraztu baina garbiz, zapata zikin baina markadunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.