Begiz. Ismael Manterola Ispizua

Monumentua

2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gutxitan erreparatzen diogu hurren daukagunari. Aste honetan eskultura publikoan lanean jardun dut gida bat osatzeko asmoarekin. Hain zuzen Donostiako eskultura batzuen fitxa betetzea tokatu zaidanez, hirira jo behar izan dut hainbat aldiz pasatutako tokian ez nuelako oroitzen bertan eskulturarik ikusi izana.

Gipuzkoako plazako lorategietan egon behar zuen Jose Maria Usandizaga musika konposatzaileari eskainitako monumentuaren bila ibili ondoren, azkenean zuhaitz batzuen atzean aurkitu nuen komentatu behar nuen eskultura multzoa.

Egia esanda, zerbait gogoratzen nuen, baina ez nintzen batere harritu azken urteetan oroimenean galduta egotea, oihaneko landareen artean ezkutatuta geratzen diren garai bateko zibilizazioen arrastoen modura topatu bainuen eskultura.

1916an eraikitako monumentua oroitzen nuena eta argazkietan ikusitakoa baino interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Araukaria baten atzetik azaldu zenean gustatu zitzaidan Josep Llimona egileak diseinatu zuen oinarriko bankua. Garaian monumentu publikoaren gaineko aldaketen artean hiri apaingarri edo altzairu modukoak omenaldiko monumentuetan integratzea ohikoa zen, XIX.mendetik zetorren monumentuaren tradizio akademikoarekin puskatzeko.

Baina ez du arrakasta handirik izan eskultore katalanaren asmoak, gaur egun eskultura erabiltzea ezinezkoa delako. Lanerako argazki sinple bat ateratzeko, gaizkile moduan sentitu banintzen Gipuzkoako Plazan jartzen duten jaiotzaren hesia zeharkatu eta ondo zaindutako belarra zapaldu nuelako, nola disfrutatu monumentua atseden hartzeko Donostiara erosketak egitera joaten garenean?

XX. mendearen hasieran pentsatzen zen monumentu publikoek giza eta gizarte bailoak transmititzen zituztela. XIX. mendearen jende ospetsuen omenaldiak —politikoak eta militarrak batez ere— eta gertakari aipagarriak —militarrak batez ere— alde batera laga eta hiritarraren heziketarako ereduak sustatu behar zituen eskultura publikoak. Horregatik hasi ziren kultura jendeari monumentuak eskaintzen, eta musikariz eta artistaz bete zitzaizkigun kaleak.

Balio burgesak zalantzan jarri behar badira ere, pena pixka bat ematen du kultura jendeari eskainitako omenaldiak zapaldu ezin diren lorategi itxuraz ederrak irentsita ikusteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.