Hamahiru urte inguru neuzkan, EGB egin zuen azken belaunaldietako bat da nirea. Txiki geratzen zitzaigun patio hartan, Bartzelonako Eixample auzoko eraikin luze batzuen artean kaxoi bat bezala sartuta zegoen patio hartan, nik nire lagun Clarari Expediente X-en kapituluak kontatzen nizkion. Ondo egingo nuen, kontalari ona izango nintzen, astero eskatzen baitzidan kontakizuna. Clara ikasle berria zen, jatorra, baina tristezia puntu bat izaten zuen, eta bere etxean ez zioten Expediente X-en kapituluak ikusten uzten.
Nork esango zidan niri, hogeita hamar urte geroago, Kataluniako literatur kritikari garrantzitsuenetako batekin etxe ondoko terraza batean kafea hartzen egongo nintzenik. Kataluniako kultur kontuei buruzko azken berriez aritu ginen. Ni harrituta nengoen Sant Jordi saria irabazi zuen eleberriari egin zizkioten kritikekin. Inoiz irakurri ditudan kritikarik gogorrenak, gordin baino gordinagoak. Esaldiz esaldi, kritikariek literatura tragedia haren tamaina disekzionatzen zuten: tragedia bat zen, antza oso gaizki idatzitako liburua zelako. Handik gutxira, beste kritika ikaragarri txar bat: oraingoan, Pilar Raholak idatzitako azken eleberriari. Raholak literatura katalanean diruz ongien hornituriko (42 mila euro) saria irabazi zuen iaz. Bada, Borja Bagunyak kritika antologiko bat idatzi zion, zeinetan Raholaren liburua hain txarra zergatik zen azaldu bakarrik ez, liburu on eta txar baten arteko aldea bere ustez zertan zetzan ere argitzen baitzuen.
Halaxe ari ginen, bada, hitz eta pitz, kritikari hau eta biok, eguerdi hartan. Hark zioen ez zela gauza bera sari garrantzitsuak irabazten dituen idazle bati kritika gogorrak egitea ala argitaletxe independente batean bere lehenengo liburua idatzi duen hasiberri bati; eta, nolabait, kritikariak testuinguruaz jabetu behar zuela. Eta nik, orduan, euskal kultur munduan pentsatu nuen. Nori entzun nion ez dut gogoratzen, baina norbaitek esan zuen euskaraz argitaratzen duten argitaletxeek, garrantzitsuenek ere, erdal munduetako argitaletxe independenteen antzeko salmenta bolumena izaten dutela. Euskal argitaletxe guztiak zirela, de facto, argitaletxe independenteak. Orduan, horrelako baldintzetan, bidezkoa al da kritika oso gogorrak jasotzea?
Beste aldetik, kritika horiek irakurri eta gero, konturatzen naiz pieza kritikook zeinen irakurketa mesedegarriak diren, ikasteko balio dutelako, eta zure iritzia ere izateko, noski, irakurri ahala ez nagoela ados pentsatzeko, edo oso ados nagoela, alegia. Jakin behintzat, beste irakurzaleren batek zer pentsatzen duen, norberak zer iritzi duen konturatzeko. Horri guztiari buruz hitz egiteak literatur sistema bati heldutasuna ematen diotela iruditzen zait. Ez gara eskolako idazlanak egiten ari, baizik eta hizkuntza bat eta kultura bat eraikitzen.
«Nik ez dakit neure burua idazletzat hartzen dudan. Niri ikaragarri zaila iruditzen zait fikzioa idaztea, mundu berri bat asmatzea, historia sinesgarriak zerotik eraikitzea... Agian horregatik irakurtzen ditut arreta handiz kritika negatiboak»
Zein diren literatur klixe jasanezinak? Borja Bagunyak, adibidez, Raholak erabiltzen dituen batzuk aipatzen ditu: «'Hilobi-isiltasuna', 'esku ahaltsua', 'begi inkisidoreak', 'izozten' den denbora: lau horiekin nahikoa da adierazpen fosilizatuen bingoa kantatzeko, baina Raholak oraindik ere 'eszena ikaragarriak', 'ahots ahaltsuak' eta beste hainbat gehituko ditu aurrerago».
Gure elkarrizketan beste gai batzuk ere atera ziren. Azken boladan zein liburu ari zen irakurtzen ere aipatu zidan. Ez zegoen oso pozik, sentitzen zuelako azkenaldian ez zela literatura ona irakurtzen ari. Bere garaian debut distiratsua egindako idazleen eleberriek dezepzionaturik zeukaten. «Ezin duzu beti zure dibortzioaz hitz egin nobela bakoitzean, kontatu didazu behin, eta nahikoa horrekin». Eta gero, galdera bera errepikatzen zuen: «Baina, badute mundurik gaur egungo idazleek?». Zehazki katalanez eta gaztelaniaz tener mundo erabiltzen den esamoldea esan zuen. Eta esaldi horrekin gelditu nintzen.
Zer esan nahi du mundurik izatea horrek? Asko bidaiatzea? Tragediaz betetako bizitza izatea? Eskarmentu handia edukitzea? Zure leihotik ikusten duzunarekin bakarrik nahiko al da eleberri mamitsu bat idazteko? Kanpoko edo barruko munduari buruz ari zen? Pentsakor geratu nintzen, nik neuk batere mundurik ba ote nuen, ala ez.
Nik ez dakit neure burua idazletzat hartzen dudan. Niri ikaragarri zaila iruditzen zait fikzioa idaztea, mundu berri bat asmatzea, historia sinesgarriak zerotik eraikitzea... Agian horregatik irakurtzen ditut arreta handiz kritika negatiboak. Adibidez, Sant Jordi saria irabazi zuen mutil hori —kritikariek erruki gabe egurtu zutena— ezagutzen dut, nirekin hasi baitzuen historia karrera, eta bere eleberriari egindako kritikak irakurri nituenean, idazkera azukrez okiturikoa eta topikoz betea aipatzen zituztenean, harekiko nolabaiteko hurbiltasuna sentitu nuen. Lotsa eta pena pixka bat ere bai, fikzioa idazten saiatu naizen bakoitzean argumentu bakoitza topikoz eta klixez betetzen dudan sentsazioa izaten baitut nik ere. Orduan, pentsatzen dut nirea ez dela munduak asmatzea, baizik eta gauzak kontatzea, nire lagun Clarari astero egiten nion bezala, patio hartan. Mundu ezberdinak jaso eta partekatu. Hori ere bada agian mundurik pixka bat izateko modua.
