Ismael Manterola
Begiz

Murgiltze esperientziak

2024ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun

Artea ez da nahikoa zentzuen gozamenerako gaur egun. «Murgiltze esperientziaren bat» eskatzen dugu zerbaiti arreta jarri nahi badiogu. Garai bateko pintura oholak edo mihise gainekoak ez dira nahikoak XIX. mendetik aurrera datorkigun esperientzia estetikorako, ez du gure pantaila sindromea asetzen (ez du distirarik, ez du mugimendurik, ez gaitu inguratzen), aspergarria da, alegia. Harritzen nau zein asper errazak bihurtu garen, garai bateko umeen antz gero eta handiago daukagu horretan. Ikuskizunik ez badago, aspertzen gara.

Zaila egiten zait, artelanak aitzakia hartuta, gaur egun arrakasta duten murgiltze erakusketak ulertzea. Pinturaren borroka antiakademikoa baliabideen aldarrikapenean oinarritu zen hein handi batean: gainazalaren planotasuna eta koloreen berezko balioak. Perspektibarekin puskatzea izan zen XX. mendearen hasierako abangoardia batzuen iraultza plastikoa. Orain, berriz, koadroak hiru dimentsiotan dantzan jartzearekin gozatzen omen dugu. Ez dut ulertzen Sorollaren artelanak gozatzeko zergatik jantzi behar ditugun errealitate birtualera garamatzaten betaurrekoak. Zaila egiten zait ulertzea Bilbon iragarri zen Van Gogh artistaren erakusketak izan zuen arrakasta zabaldu baino lehen. Dakidanaren arabera, jende askok sarrerak erosi zituen nahiz eta erakusketarik ez egon.

Zer da erakusketa horietan jendeak bilatzen duena? Van Goghen koadro xume batek ez al du asetzen jendearen arte gogoa? Koadroak mugitzeak eta neurri ikaragarrian ikusteak artearekin harremanik ba al du? Ekiloreak zelaiaren sakontasunean ikusteak Van Goghek pintatu zituenak baino interes handiago pizten al dio jendeari? Zergatik?

Onartu behar dut ez dudala oso ondo ulertzen artelan hauen gaineko manipulazio eta jolas itxura. Ez nuen sinistu nahi gizartearen infantilizazioari buruz hitz egiten entzuten nuenean, baina gero eta froga gehiago topatzen ditut ideia horren alde. Itxuraz, artearen irudi batzuk gehiegi higatu ditugu, eta esperientzia berriak behar ditugu guregan eragina izateko. Etengabeko aldaketan datza desioaren piztea; Van Goghen edo beste artista famatu batzuen lanak ezagunegiak egiten bazaizkigu, eraldatu, irauli edo pusketan desegin beharko ditugu ondo pasatzearen alde, nahiz eta zentzuz husten dugun artistak berak eta garaiko arteak bilatzen zutena. Azken finean, ondo pasatzea da gaur egungo helburu nagusia. Ikustea, ikastea, zentzumenak zabaltzea? Zertarako? Zer da hori?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.