Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Adierazpen askatasuna. ANALISIA

Ñabardurak

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun

«Zein? Guardia Zibila? Intxaurrondoko kuarteleko komandantea?/ Terrorismoaren kontrako arduradun nagusienetakoa?», galdetu zuen Negu Gorriak taldeak aspaldi, Ustelkeria kantuan. «Talde antiterroristak baliatuz,/ narkotrafikoko operazioak/ egiten zizkian», erantzun zuen kantu berean. Enrique Rodriguez Galindori buruz ari zen taldea Gure jarrera (Esan Ozenki, 1991) diskoko kantu horretan. Salaketa jarri zuen uniformedunak, 15 milioi pezeta ere eskatu zituen kalte-ordain gisa, eta taldeak kanta jotzeari uztea; Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion taldeari, 2000ko ekainean.

Teniente koronela zen garai hartan Galindo, zapatuan hil zen; Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren bahiketagatik eta hilketagatik 75 urteko espetxealdira kondenatu zuten, eta lau urte eta lau hilabete egin zituen kartzelan. «Galindok aginduak bete zituen. (...) Uste dut Felipe Gonzalezek lasaitua hartu duela haren heriotzarekin, sala zezakeelako», adierazi zuen igandean Pili Zabalak, Joxiren arrebak, ETBren kameren aurrean.

Torturaren Aurkako Egunean hil zen Galindo, egunkari honek berak azalean nabarmendu zuenez. Ez zen ñabardura ezdeusa, Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buru izan zen garaian han gertatu zirenak ez baitira kontu ezdeusak. Non dago Mikel? filmak pantailara ekarri ditu, esaterako, Mikel Zabalzaren atxiloketari eta torturari buruzkoak; Endarlatsan gorpu agertu zeneko irudiak; eta gaur arteko zigorgabetasunaren sokak.

Batzuen zigorgabetasuna besteren zigorrari lotua dago aspaldi, hori da kontua. Eta egia da, adierazpen askatasun absoluturik ez dago inon, baina galdera da: 30 urte geroago, Ustelkeria kanta publikatu ahalko litzateke? Eta, publikatuko balitz, salaketa bat tarteko, Espainiako Auzitegi Gorenak nori emango ote lioke arrazoia?

Ez dira galdera erretorikoak. Honako txio hauek inor kartzelara bidaltzeko argudio gisa erabiltzea erretolika hutsa ez diren bezala: «Joseba Arregi, Poliziak tortura bidez eraila»; «espetxeak esterminio etxeak dira»; «polizia bat hiltzen duzula? Harripeetan ere bilatzen zaituzte; Poliziak hiltzen duela? Ikerketa txukunik ere ez dute egiten»; «Saudi Arabiaren erruz, Yemengo haurrek honela sufritzen dute. Borboitar mafiosoen lagun demokraten kontuak».

Joxe Arregigatik existitzen da Torturaren Aurkako Egun bat egutegian, izan ere; Polizia gehiegikeriak zenbateraino ikertzen (ez) diren agerikoa da; espetxeak jendea usteltzen uzteko tokiak direla ere bai; eta Borboitarren historia aspaldidanik da ezaguna. Pablo Hasel kartzelan dago, baina. Legezkoa omen. Haren delituaren beste partea, txiolari jardunaren osagarri: Juan Carlos el Bobón kanta. Ezdeusentzako lege ñabardurek betetzen dituzte espetxeak, azken batean.

Kartzelatua izateko aukeraren aurrean, ez alde egitea erabaki zuen Haselek, eta, horri esker, ezin argiago utzi du mozal legea indargabetzeko politikarien aldiroko iragarpenak sirena kantu hutsak zirela; musikariaren atxiloketa irudiei erreparatzea besterik ez dago hori egiaztatzeko. Polizia sirenak besterik ez dira entzuten Espainiako justizia administrazioan, kolore guztietako indar armatuen gremioa eskuin muturrera gero eta lotsagabeago lerratu ahala. Eta inguruotako Polizia sindikatu batzuk ere ez dabiltza tesi horietatik urruti.

«Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko», zioen Negu Gorriak-en beste kantu batek. Testuinguru zail honetan kantatu behar da, bada. Kontatu ere bai. Noraino esan daiteke Felipe Gonzalez Galindoren nagusia zela, beraz? Zenbateraino baldintzatzen/baldintzatuko dituzte indarrean dauden legeek Non dago Mikel? bezalako lanak? Zenbat kontu geratzen ari dira kontatu eta kantatu gabe?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.