Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Neba-arreba nagusien jertse zahar haiek

2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Boubacar Boris Diop senegaldarraren Murambi, le livre des ossements eleberria nabarmendu zigun Katixa Dolhare-Zaldunbidek aurrekoan. Ruandan 1994an gertatutako sarraskia salatzen du, baina Frantzian tabu handia bilakatu zen politikari eta bankarien jokamolde zuria agerian jartzen duelako. «Nork daki», jarraitzen zuen zutabekideak, «biziki ongi idatzi nobela hau izan daiteke gaur mundu garaikidea hobeki ulertzeko eta literaturari gustu hartzeko akuilua, gaur egungo gazteren batendako…». Liburuaren bila hasirik, Gasteizen haren gaztelaniazko itzulpena baino ez dut aurkitu, El libro de los huesos, alegia. Baina Senegalekin batera, Parisko banlieu edo aldiriak ere aipatzen zituen Katixak, eta niri jatorri aljeriarreko Medhi Charef-ek idatzi eta Gerardo Markuletak bikain itzulitako Arkimederen harem-eko te hura nobela gordina ekarri zidan gogora, esperientziaz baitakit gurasoen kultura arabiarra gutxiesten eta kultura frantses nagusiak baztertzen dituen gazteen kontaketa hau benetan pizgarria dela.

Hedabideak irakasleen prestigioa bultzatu beharraz ari diren honetan, hain zuzen ere ikasle eskaxa izatetik pedagogo eta idazle bikaina izatera heldu zen Daniel Pennac jatorriz marokoarra ere gogora datorkit, baina haren Nobela bat bezala lanagatik baino gehiago, Mal de escuela autobiografia gogoetatsuagatik. Haren ustetan, hona zertan datzan lehengo eta gaurko ikasleen arteko aldea: «ez daramate neba-arreba nagusien jertse zaharrik», hau da, ama-jertse haiek desberdintzen dituzte… Adin ertainean goazenok ongitxo dakigu usadio hura zer zen, eta batzuetan horrek eragindako lotsa ere bai. Guztiarekin, hain zuzen ere eremu mortu hartan irakasle gogotsuren bati esker literaturzaletu ginen. Ongi gogoan dut haragizko literaturarekin izandako nire lehen harremana —benetakoa 20 urtetsurekin izango nuen, unibertsitatean, Joan Mari Irigoien ezagutzean—: institutu garaian, irakasleak Pio Barojari buruzko hitzaldi bat iragarri zigun, eta hara joanda, idazle baten adiskide bat ezagutu ahal izan nuen…! Javier Bello Portu orkestra zuzendaria zen, baina aski izan zen guregan xarma pizteko. Edonola ere, agur eta ohore irakasle haiei eta, bide batez, gaurkoei!

Daniel Pennacek gaineratzen du gerora Marketing Ama Gorena etorri zela gure ikasleak axalkeriaz janztera eta haien fotogenia eta komunikazio gosea —ustez— berdintzera, eta horixe dela eskola ordurik aspergarrienean ere galtzetako sakelatik gora doakien telefonoaren dardarizoak oroitarazten diena: «Ez izan beldur. Hemen naukazu, hemen naukazu…». Idazleak, behin batez, gazteek soinean eta aldean zeramatenaren kalkulu metodikoa egin zuen: kirol zapatilak, 100 €; jeans-ak, 110 €; alkandorak, 120 €; motxilak, 80 €; walkmanak, 150 €, sakelakoak, 80 €... Kontuak kontu, haur bezero bakoitzari batez beste 880 euroko kopurua egokitu zion, eta gogoan izan beharra dago Chagrin d'école liburuaren lehen argitalpena 2007koa dela. Gizarte paradoxikoa inondik ere gurea. Jertse ukondo maiztu haiek eskutik eskura zebiltzan garaian, gurasoek sekula ez zuten esaten liburuak garestiak zirela, baina Marketing Ama Gorenak telefonoa eta tableta ezinbesteko sentiarazten dizkigun garaiotan, testu liburuen edo literatur lanen prezioak dira eskandalagarriak, eta ez futbolerako sarrerak.

Aurreko batean, Gipuzkoako liburutegi batean, bibliotekariak aitortu zidan ikasleek ez zituztela saiorako liburuak erosi; familia askoren egoera ekonomikoa ezagututa, lurralde osoko liburutegietatik aleak eskuratu —handik lau, hemendik hiru…—, ikasleen esku utzi, eta gure saioarekin prozesua amaitutakoan, liburuak itzuli behar zituztela. Pennaci jarraiki, liburuak 10 € baino gutxiago balio zuen; baina gaitz erdi, gutxienez irakurketa esperientzia bideragarria eta positiboa gertatu baitzen.

Javier Bello Portuk kontatu zigun, Pio Baroja ospitalean gaixorik zegoela, Hemingway bisitan joan zitzaiola, eta idazle eriari artilezko galtzerdiak, botila bat whiski eta bere azken nobela eraman zizkiola. Eta oraindik ere horixe nahi genuke literatura izatea: oparia, idazleek ahalik ongiena egina; oparia, irakasleek ahalik egokiena gomendatua eta landua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.