IRITZIA

«Nik ez dut fama desio; etzait ajola»

2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
AJ. Ergoyenek Zeruko Argia aldizkarian 1966ko abenduan egindako elkarrizketatik jasotako hitzak dira horiek, hurrengo urtean argitaratuko zituen bi EP ezagunen harira. Horien azalean, bere gitarra kutuna soinean, irribarre samurrez ageri da Lourdes. Esango nuke aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan ez genuenok bere irudigoxo eta irribarretsua dugula gogoan, soprano ahots eztia lagun. Dena dela, itxuraz haratago, Lourdes Iriondo emakume adoretsua izan zela uste dut, errotutako sinesmen eta printzipioak zituena, gure kulturak bizi zuen aro ilunean erresistentzia aukeratu eta gerora ere herrigintzan jardun zuena.

Konpromisoak bideratu zuen bere hastapena. 1964an lagun batzuek Andoaingo ikastolarako dirua behar zutenez, laguntza eskatu zioten eta, ordurako dozena erdi kantu bazituenez, pozik abestuko zuela erantzun zien. Ezusteko arrakastaren ondoren, Tolosan eta Billabonan abestu zuen eta Zestoako Aizarnan 1965eko maiatzeko lehen igandean, Gazteriaren eguneko kantaldian. Hurrengo egunean, Loiolako Herri Irratian lau abesti grabatu zituen; aurrerantzean, bere ahotsa uhinen bidez hedatu zen. Euskal Herriko Joan Baez izendatu zuen Luis Iriondok; Euskal Herriaren nobiya Gabriel Arestik, bere itxura eta nortasunarekin txunditzen baitzituen ikusleak, garai hartako egunkarien arabera, «zirrara aundi bat sortzen». Jose Antonio Artzek esan zuen oso sakonetik kantatzen zuela, hustu egiten zela kantu bakoitzean. Kontuan hartu behar da frankismo garaian ez zela ohikoa emakume abeslariak taularatzea, gutxiago mezu aldarrikatzaileekin; Lourdes horretan aitzindaria izan zen. Lehen kanten letra eta musika berak egiten zituen, nahiz eta batzuetan Urnietako apaiz eta organista Joseba Zugastik moldaketekin lagundu edo lehengusu Jose Mari Iriondok letrak euskaratu. Zaletasuna etxetik zetorkion, familia bilkuretan kantu zaharrak abestu ohi zituzten, jaietan, bidaietan...13 urterekin Opera eta Kantua gogotsu ikasten hasi zen, Donostiako Mari Paz Urbietarekin, 18 urterekin bihotzetik gaixotu eta utzi behar izan zuen arte. Maria Callas miresten zuen; hala ere, Lourdesen hitzak ekarriz: «Agur primma donna izateko nire ametsak». Gitarra ikasketak ere bazituen, eta umoretsu esaten zuen lotara ere aitak oparitutako gitarrarekin joaten zela.

Bakarka hainbat kantaldi eman ostean Ez Dok Amairu sortzeko aukera gertatu zen. 1965eko urriaren 13an Zarautzen egindako lehen bilkuran egon zen Lourdes. Taldea, ofizialki, 1966ko urtarrilean Hernanin eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu zuten. Taldearen sorrera ulertzeko, kontuan izan behar da testuingurua. 1950eko hamarkada bukaerako garapen industrialak baserritik hirirako pausoa ekarri zuen, immigrazio mugimendu bortitzekin. Aldi berean, erlijio krisi sakona sortu zen, sekularizazioa, balio tradizionalen gainbehera. Euskal kulturak eta euskarak diktadurapean bizitako egoera larria areagotu egin zen. Dena den, 1964an erregimenak kultura egitasmoei ateak pixka bat zabaldu zizkien. Ordurako Jorge Oteiza Quousque tandem...! iraultzailearekin bazterrak nahasten hasia zen, Kultur Fronte deitu zuenarekin «indarrak batzen». Tradiziozko musika klasikotik eta ahots polifoniatik aldenduz, Ez Dok Amairuk Euskal Kantagintza Berria hasi zuen, kantautoreen fenomenoarekin bat. Abesti tradizionalak berreskuratu eta berriak sortu nahi zituzten, mezu sakonekoak. Hona Lourdesen hitzak: «Baiñan gaur iñoizbaiño geiago, abestia erriari bere problemataz itzegiteko modu bat da, batez ere». Julen Lekuona, Xabier Lete eta bere burua protesta abestian kokatzen zituen. 1968ko EP batean argitara eman zuen Ez gaude konforme aski ezaguna da, letra eta musika bereak izanik. Belaunaldi berriaren aldarrikapenak egiten ditu, gezur eta injustiziaren kontra egia eskatuz (zentsuragatik moldaketak egin behar izan zizkion).

Eta Xabier Lete. Ez Dok Amairun ezagutu zuten elkar. Xabier hasieran taldean laguntzaile eta antolatzaile lanetan ibili zen eta berak aitortua da Lourdesek bultzatu zuela kantatzera. Berriki estreinatutako Ni naiz Lete dokumentalean Bernardo Atxagak honakoa ekarri du gogora: «Lete Lourdes Iriondorekin lotu behar da; Lourdes da izarra garai hartan». 1968ko urriaren 11n, Tolosako Izaskungo Andre Mariaren elizan ezkondu ziren. Xabierrek Lourdesen abesti batzuen letrak idatzi zituen eta elkarrekin bi disko kaleratu zituzten, hamaika lan elkarbanatzeaz gaindi. AtxagakAdos teatroak 2016an taularatutako Lu eta Le antzezlana idatzi zuen, gaixotasunak beraien artean sortutako lotura bereziaz, nola heriotza presente izan zuten bizi artean. 1978ko maiatzean Antton Valverde, Pantxoa eta Pello eta Xabier senarrarekin azken kontzertu ofiziala eman zuen, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Kantagintzatik erretiroa hartu ondoren, haurrentzat eta haurrekin lanean jarraitu zuen. 1973az geroztik idatzitako ipuin liburu, antzezlan eta diskoez gain, Urnietako ikastolan plastika eta euskal dantzak irakatsi zituen. Herrigintzan lanean jardun zuen: antzerki talde bat gidatuz, parrokiako koruaz arduratuz... Esker onez, Urnietak omenaldia egin zion 2006an. Bertan, Letek honakoa irakurri zuen: «Musika maisu batek, bere ikasleekin izandako bazkari batean, eserleku huts baten aurrean edalontzi bat ardoz bete zuen. Ikasleetako batek maisuari edalontzia zergatik bete zuen galdetu zion, eta maisuak erantzun zion: 'Gure artean ez daudenentzat, egarri badira edan dezaten'». Bete ditzagun joan direnen edalontziak, gure egarria ase dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.