Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Non dago Emmanuelle?

2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aste honetan hil den Nagisa Oshimaren L'Empire des sens (1976) edo Emmanuelle (1974) filmek hemen inguruan sortu zuten zalaparta ez zen mugatu Donibane Lohizuneko edo Baionako zinema aretoetara egon zen joan-etorri handi samarrera, mugaz honantz zegoen zentsura zela eta. Bi lanak, Anaïs Ninen Egunkariak bezala, haize ufada bat izan ziren errepresioak makurtutako belaunaldi harentzat, baina, gainera, pixka bat harago eraman zuten teoriko askok zinemari onartu dioten funtzio askatzailea, besteak beste norberaren plazeraren kudeaketa aitortu zietelako emakumeei. Protagonismoa eman.

Zertan den funtzio askatzaile hori? Filosofo eta psikoanalista ugarik nabarmendu dute zinema izan dela, gutxienez joan den mende honetan, sinbologia erotikoaren zizelkatzaile nagusia. Irudien bidez mito sexual asko eta asko iradoki eta perfilatu direla, zergatik eta desioa piztu eta itzali egiten duen burmuinaren azpiorgano hori batez ere begiradarekin lotuta dagoelako. Slavoj Zizek filosofoak, esaterako, luze hitz egin du zinemaren eta desioaren arteko harreman horri buruz. Berak bezala aditu askok teorizatu dute desioaz, eta ondorioztatu dute bridatu beharreko sentimendua dela gizarte ia orotan, desorekatzailea delako, ezerosoa, asaldatzailea. Eta zaldi hori zikiratzeko, paradoxikoki bada ere, lengoaia omen dugu, hizkuntza. Lengoaia tresna soziala denez, hau da, konbentzioz beteta dagoenez, burmuinean ditugun haize guztien aurkako iragazki efikazena da.

Ondo pentsatuta, zer da hizkuntza, ez bada jakintzaz, ohiturez eta gizarte zentzuaz jabetzeko daukagun tresna? Eta jakintza, ohiturak eta gizarte antolamenduak, ez dira ba komunitate batek bere burua antolatu, arautu eta kontrolatzeko ezartzen dituen kodeak? Zer geratzen zaigu desiratu bai baina ezin azal dezakegunari bide librea eman nahi diogunean? Fantasia. Horrela azaltzen dute psikoanalistek.

Zizekek hor kokatzen du zinema: gaur egungo mundua ulertzeko, beharrezkoa dugu irudi bidezko asmazio indartsu hori, hor aurkitzen dugulako gure desioen irudikapena. Fantasiarentzako erreka bisuala da zinema. Erotismoaren eraikitzaile nagusia.

Baina, gaur egun, ia berrogei urte geroago, zinemak ba ote du oraindik Emmanuelle edo L'Empire des sens filmek iradokitzeko zuten gaitasun bera?

Janariarekin antzera gertatzen da: kitzikagarria zaigun kutixiren bat, hamaika aldiz probatuz gero, arrunt bilakatzen da. Erotismoaren eta pornografiaren arteko marra eztabaidagarri eta askotan ikusezina ia desagertu dela esatea ez da gehiegikeria. Pornografiak garai batean zeukan izaera klandestinoak are desiragarriago egiten zuen dena, eta dena ordu orotan eta nonahi eskuragarri jarri dutenean/dugunean, lausotu egin dira sujerentziaren munduan bizi ziren itzalak. Burmuinak lan gutxiago du orain. Mekanikoagoa da dena.

Pornografiaren sozializazio horrek zer ekarri duen? Ez ditu konpondu zinema pornoari leporatzen zitzaizkion alde makurrak —emakumearen irudiaren erabilera tamalgarria, nagusiki—, baina, pre guztiek post bat dutenez, post pornoa sortu du, hain zuzen ere nagusi zen erotismo horrekin inoiz oso eroso egon ez zen feminismo tradizionala inarrosteko jaio zen post feminismoarekin lotuta ageri dena.

Post pornoa: performance publikoak, probokazioa, mugarik gabeko esperimentazioa. «Pornoterrorismoa» aipatzen dute; gorputza «gudaleku politikoa» bihurtu da.

Baina aurki orok ifrentzua duenez, debekuaren altxamenduak mommy porn ere sortu du, «amatxoendako pornoa» edo. Aurtengo fenomeno editorialetako bat izan da AEBetan. Liburu elektronikoetan kontsumitzeko moduko literatura erotiko samurrari esaten diote mommy porn. Beste eztabaida baterako utzita literatura horren kalitatearena, interesgarria da ohartzea salmentak liburu elektronikoetan izan direla bereziki deigarriak, hor eman duela kolpea literatura horrek, zergatik eta kontsumo pribatuarekin lotuta dagoelako eBooka: ez dago azal salataririk, begiluzearen aurrean testua itzal daiteke, kodetu edo are, desagerrarazi. Klandestinitatearen zapore mina berriro probatzea bezala da.

Metafora polita da, ipuinondo moduan funtzionatzen duena: burmuinak esaten digu errezelaz bestaldean, apur bat lausotuta eta kontrargian, ederragoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.