Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Norentzat?

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Duela hamaika urte elkarrizketa labur bat egin zidaten egunkari honetan, hurrengo egunean eman nuen kontzertu bat iragartzeko. Denboraldi hartan, soinuaren tinbreetan ari nintzen batez ere arreta jartzen, eta denboran dezente luzatzen ziren eboluzio pixkanakakoak ematen nituen. Ordu erdiz gehiegi aldatzen ez ziren gauzak egin nituen, esaterako. Kazetariak galdegin zidan ez ote ziren entzuleak aspertzen, hain denbora luzeekin eta hain aldaketa gutxirekin. Eta nire erantzuna izan zen, ba aspertu, aspertuko zirela, baina nik egin beharrekoa egin behar nuela, nire intuizioari jarraituz, eta ezin nuela entzuleen gustuko izango ote zen edo ez pentsatzen ibili. Gero lerroburuan zetorren ideia hori, horrelaxe: «Jendea aspertu egiten da gure saioetan, baina guk egin behar duguna egiten dugu». Ziztada bat jaso nuen hura irakurtzean. Segun eta nondik hartzen zen, bazirudien «hor konpon mundua» esaten ari nintzela.

Hemen idazteko aukera eman didaten honetan, orduko lerroburu hori garatu nahi izan dut. Argitzeko, alde batetik, duela hamaika urte zer esan nahi izan nuen, eta, bestetik, argitzeko baita ere zergatik animatu naizen orrialde hauek idaztera. Desberdinak dira soinu-lan bat edo egunkarirako testu bat, baina oinarrizko motibazio berak ikusten dizkiet.

Artikulu hauetarako motibazioetako bat neurekikoa da, bidean ikas dezakedala uste dudalako, landu eta pentsatu nahi ditudan gai batzuei heltzeko aitzakia emango didalako, eta sufrikarioren batzuk pasatuta ere, gozamena emango didatelakoan nagoelako. Idaztea ez da niretzat erraza, ohikoa ez zaidan leku batean jartzen nauelako, baina ez da erabat zaila ere. Momentu honetan neurrikoa zaidan zailtasuna duela uste dut. Erronka bat da, baina erronka hitza epikaz janzteko joera dugu, eta nik ez dut norbere burua esplotatzera eta sufrikariora bultzatzen duen joerarik jarraitu nahi. Erronka da, zailtasuna eta plazera parean izan ditzakeen langintza delako niretzat. Hortik behera, jardun ezaguna eta aspergarria litzateke. Hortik gora, sufrikarioa besterik ez. Oreka horretan egon nahi dut, asperduratik ihes egin eta sufrikario hutsean erori gabe, zerbaitetan jardutearen esperientziari gozamena eta ikasketa zukutuko dizkiodan puntuan. Idazketa prozesu honek hor jarriko nauela uste dut, nahiz eta nik ere ez dudan oraindik kalkulu zuzena egin izanaren segurantziarik.

Aldi berean, ez nuke ezer egingo publikorik ez balego, eta niretzat bezainbat ari naiz besterentzat ere. Baina sinestuta nago lehen-lehenik nik gozatzea dela gainontzekoek nik egindako zerbaitekin goza dezaten lehen baldintza, edo probetxugarria izan dakien lehen baldintza. Zailtasun neurtu horretatik dator gozamena, eta hortik egin gabe, publikoak usainduko du ni ere aspertu naizela. Elkarri kutsatzen dizkiogu sentimenduak eta jarrerak, dela asperdura, dela grina, baikortasuna, ezkortasuna, eta abar. Hartzailearen lekuan nagoenean ere, zerbait ematen ari zaidan egile hori zailtasun horretatik ari dela sumatzea gustatzen zait. Eta duela hamaika urte emandako erantzunera itzulita; jendea asper liteke, bai, baldin eta artistak ustez behintzat bere lana ondo egin eta gero, jendea aspertzea suertatzen bada. Baina egilea aspertu bada, ziur aspertuko ditu denak. Garai hartako nire zailtasun neurtua zen soinuen iraupen luzeekin aritzea, eta huraxe azken bururaino eramaten saiatzen nintzen.

Publikoa izan daiteke zabala, edo gertuko konplize gutxi batzuez osatua. Bizi dugun garaiaren ezaugarrietako bat da sortzaileak asko garela, eta askotan hartzaileak falta izaten direla. Inoiz baino artista gehiago gara, idazleak pila bat eta musikariak zientoka, eta hala segida luzean. Zerbait egin, nonbait aurkeztu, eta gehienetan erantzun eza izaten da erantzuna. Edo erantzun gutxi batzuk jaso, eta gero korronteak darama berehala aurkeztutako lan hori, atzetik datorren berriari lekua uzteko, eta hura ere eramango du berehala. Izugarri zaila izaten da komunikabideren batean kritika bat agertzea, adibidez. Gehienetan, inguruko zirkulu txikietan partekatzen dugu egindakoa, gertuko konplizeekin, eta oso garrantzitsuak dira konplize horiek. Ikasketa handia ateratzen da hurbileko hartu-eman horietan partekatzen denetik, eta ez diot nik beharbada horrekin nahikoa ez denik. Baina publiko zabalagoetara iristeko anbizioa ere badugu batzuok, eta, korronteen jakitun, haiekin ahal dugun hobekien konpontzen saiatzen gara. Hau da parean duguna, eta geure egiteko moduak baldintzatzen ditu. Erantzun desberdina emango dio bakoitzak. Niretzat darabildan ustea da, hartzaileak falta badira, behintzat egiletzak izan beharko duela ahalik eta zentzu gehien. Norbere interes eta intuizioak muturrera eraman beharko dira horretarako, ahalik eta gehien, eta hortik abiatu besteen bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.