Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Oi Marte maitea

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marteren kolonizatzeari buruzko albisteen mezua argi-argia da, zeharka baino helarazten ez bazaigu ere: zer axola zaizkigu klima-aldaketa eta ingurumenaren kaltetzea, laster Marten bizitzeko aukera izango dugunez? Utz dezagun, bada, albo batera Artikoaren urtzeaz dugun beldur funsgabe oro, eta ordain ditzagun geure zergak suharki, planeta gorrian bizi-baldintzak sortzeko lehenbailehen. Ezer gutxi da norberaren patu kaxkarra, gizadiaren egundainoko erdiespen galaktikoen aldean. Lagun dezagun NASAren egitasmo altruista aurrera eramaten. Eta abar.

Agidanez, zientzialariak, politikariak, kazetariak..., —alegia, Lurreko lagunak bizi diren errealitatearen moldatzea bere gain hartu duten horiexek—, tematurik daude frogatzen gizakiok ez dugula naturaren inongo beharrik. Eta batek daki ez ote duten lortuko, teknika eta robotak direla bide, lurtarrak egunen batean Marteko kokalekuetan naturaltasunez eta normaltasunez egotea, euskara Euskal Herrian dagoen antzera.

Hortaz, ez dugu zertan alferrik larritu, honezkero Lurra atzean utzi baitezakegu. Hau da, badugu nora jo ELE bat izanez gero (Extinction-Level Event/Biziaren desagertze-mailako gertakizuna: dela meteoritoen erortzea, dela hondamendi nuklearra), nori eta NASAko ongileei eta berauen robot adimendunei esker.

Jarrera ideologiko horrek ihes-nahi kutsua dauka, noski: Ikusi arte, lurra, eta konpontzerik ez duten arazo itsusi guztiak, agur! Bazen ordua, izan ere, negozioaren sukurtsala zabaltzeko.

Ildo horretatik, ez da zaila izango Martera joateko prest denik aurkitzea; gainera, Marten bizi ahal izateko trebakuntza orokorra aspalditik dago bideraturik. Aski da ikustea nola ohitu diren—jaiotzetik— metropoli erraldoietako biztanle behartsuenak naturatik urrun arnasa hartzen, jaten eta lo egiten...; hots, Marte bezain abegi txarreko eremu zakarretan bixi izaten.

Bestalde, espaziora egiten den luxuzko turismo ergelak erakutsi digunez, snob batzuek hobby-z eta arrandiaz bidaiatu nahi izango dute Martera. Ordea, beste batzuek beren burua eskainiko dute tratulari berrien esklabo gisa, betiere bizimodua atera nahian. Beste hainbat, azkenik, proiektu epikoen lilurak erakarriko du. Denak heroi-akuritzat izango dira erabiliak.

Zeresanik ez, aitzindari kolonizatzaileei, —Marteko kutsadurak edo dena delakoak jota hil ondoren—, dominak emango zaizkie, Estatu Batuetan kanoi-bazka diren soldadu latino-en senitartekoei bixi-bitarteko errenta bat ematen zaien moduan.

Testuinguru honetan, nabarmentzekoa da adimen artifizialaren ikerketa-alorreko aditu baten ikuspegia. Jürgen Schmidhuberek —Suitzako Lugano Unibertsitateko katedradunak eta Dalle Molle Institute for Artificial Intelligence Research erakundeko buru denak— Frankfurter Allgemeine egunkariko 2015eko elkarrizketa batean zioenez, ez dago jakiterik nora eramango gaituen adimen artifizialaren garapenak. Baina, behin bidea urratuta, ezin dezakegu, haren ustez, atzera egin: «Sinistuta nago, orain eta hemen, eguzki-sistema honetako unibertsoa gertu dagoela hurrengo maila erdiesteko (...) Eboluzioaren urrats anitzek zegoen bizi-espazioa hobeto betetzera eraman dute, baita bizi-espazio berriak konkistatzera ere».

Hari horretara, robot hitzaren jatorria datorkigu gogora: robota lana da errusieraz. Jürgen Schmidhuberen hitzen arabera, aldiz, badirudi jatorrizko esanahia galduz doala, aro berriko robotak, beharginak baino gehiago, sortzaile beregainak izango direlako; bestela esanda, ezusteko erantzunak emateko gauza, Lurrean zein Marten. Hala eta guzti, etorkizuna beren kabuz arituko diren roboten esku utziko dugu gizakiok.

Baina zergatik gure aldetiko utzikeria hori? Errusiar erruletazaleak ote gara? Aipatu ikerlariaren iritziz, batetik, robotek berebiziko xarma eta eragina dute gugan: science fiction-en arrakastaz jabetzea besterik ez da; bestetik, robotak diru-iturri garrantzitsuak dira.

Zalantzarik ez, elkarrizketatuak aitortzen duenez, geuk sortutako makina itzelek berezko jokabidea izango dute epe laburrera; geure onerako, agian. Edo beharbada, ez. Dena den, nahitaezkoa omen den bilakaerak ez du Jürgen Schmidhuber batere kezkatzen.

Eta hortxe dago koska: lehen zoro edo axolagabe esaten zitzaion bere ekimenen ondorioez eta arriskuez arduratzen ez zenari. Zientzialarien gainean mintzatzean, berriz, alemanezko hitz bat erabiltzen zen: Fachidiot, «espezialista memeloa», hain zuzen, dagokion jakintza-arlotik kanpo ezer aintzat hartzeko gai ez den berori. Egun, zoritxarrez, Jürgen Schmidhuber bezain itsuak, buruarinak eta egozentrikoak diren askok eta askok lanean dihardute gizarte kapitalistan.

Edonola ere, eskertzekoa litzateke belaunaldi berriko robotei, bederen, giza itxura panpoxik ez ematea, bai eta Lurrean desagerrarazi ditugun piztien mozorrorik Marteraino ez eramatea. Nazkatuta gaitu kitsch eta folklore guztiak. Ez dugu tximeleta-, ipurtargi- eta hartz-robotik Marteko iruditerian agertzea nahi, oihanaren argazkiak bertoko teknokrata txikiziozaleen bulegoetako apaingarri hutsa izatea nahi ez dugun bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.