Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Olatuz olatu

2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zutabe honetarako, azkenaldian, musikarekin era batera edo bestera erlazionatutako gertaera, sentimendu edo harremanak gogoratzen saiatzen naiz, eta, oraingo honetan, makina bat ditut aipatzeko modukoak:

Hasteko, ezin ditut ahaztu Saioaren Natura diskoko musika zoragarria eta, bereziki, Higadura abestiaren hitzekin arazo pertsonal bat dela-eta sentitu nuen identifikazioa eta hunkidura sakona: «Itsaso sakon, zabal, gazi honek / Malkoz betea dirudi / Gure negarragatik ote da hain gazi /… / Olatuz olatu, polliki-polliki / Barnea hustu, zauriak ikusi / Olatuz olatu, polliki-polliki / Hondarra askatu, zama jeitsi».

Ia aldi berean, lagun baten gomendioari jarraituz, Tim Hardin-en Bird on a Wire diskoa entzun, eta ederki gozatu nuen. Emozioz beterik eta denboraren perspektiba luzeak ahalbidetuta, neure buruan bien arteko konexio betierekoa egin nuen. Gainera, mendiko ibilaldi pare batean, Neil Young eta Crazy Horse-ren Psychedelic Pill azken diskoaren delirio gitarrero luze eta liluragarriak izan ditut lagun. Eta disko horren musika 2012koa bezain ondo 1972koa izan zitekeela jabetzean, denboraren pertzepzio lineala eta zirkular kontrajarriei buruz izandako eztabaidaren bat etorri zait burura. Bukatzeko, Frank Ocean-ek bere bisexualitatea publikoki eta ausarki azaldu ondoren plazaratu duen Channel Orange klasiko-moderno, dantzagarri eta sentsualak indar positiboz bete nau une askotan.

Hori guztia entzun eta sentitu ostean, nekeza egiten zait batzuetan musika estilo berrien inguruan sorrarazten den eztabaida. Gizarte eta ekonomia komertzial baten perspektiba linealak aldioro produktu berri bat atera eta hori saldu ahal izateko, aurretik zegoena deuseztatu eta mespretxatzea eskatzen duela iruditzen zait. Eta azken finean, arropa ezberdinez jantzita aspaldiko ideia sexista, atzerakoi eta estuak behin eta berriz sartu nahi dizkigutela uste dut. Musikaren bilakaera historikoaren erritmoa eta pertsonen arteko konexioak sortzeko duen gaitasuna polemika tentel hauen gainetik dago, erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.