Francesc Marco-Palau.
IRITZIA

Oscar Elgezabal eta Matias Palau Ferre kubista

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Palau Ferre margolariak 1953an bidaia akademiko bat egin zuenean euskal paisaiak ezagutzeko, ez zuen asko pentsatuko urte batzuk geroago trenez bide bera egingo zuela, ospakizunak partekatzeko artistaren lagun handi bihurtu zenetako batekin: Oscar Elgezabal ziklista muxikarra.

Matias Palau Ferre (Montblanc, 1921-2000), zeina gero ezaguna egingo baitzen «bere koadroak erretzen zituen margolaria» gisa, gerraosteko arte katalanaren izen berrietako bat zen garai hartan. Bartzelonako San Jorge Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, eta egunkarietako orriak betetzen hasia zen bere erakusketek jasotzen zituzten kritika onekin. Estilo kubista eta koloreen erabilera espresionista zuen Palau Ferrek; Parisen bizi zen berrogeita hamarreko hamarkadan, eta han artearen nazioarteko korronteekin harremanetan sartu zen eta eskulturaren munduarekiko interesa sortu zitzaion.

Palau Ferrek sortutako brontzezko eskultura sinbolikoek —haien hutsuneekin eta beteekin— Jorge Oteizarenekin elkarrizketa ona dute, eta baita Eduardo Txillidarenekin ere, zeinarekin, gainera, belaunaldia ere partekatzen baitzuen: 1954an, Txillidak bere lehen erakusketa indibiduala egin zuen Madrilgo Clan galerian, Palau Ferrek han bertan erakusketa jarri baino hilabete gutxi batzuk lehenago.

Paristik itzulita, hirurogeiko hamarkadan, Montblanc sorterrian bizitzen jarri zen Palau Ferre. Erdi Aroko iragana duen herri harresitua da, Tarragonako eskualdeen barnealdean, non handik gutxira kokatu baitzen puntuzko generoa egiteko lantegi bat, Guertextil, euskal kapitala zuena eta Oscar Elgezabalek zuzentzen zuena (Muxika, 1928-2018). Txirrindularitza bizkaitarraren aitzindarietako bat zen Elgezabal, eta ehungintzaren sektoreko ekintzaile bihurtu berria zen; ongi gogoan zituen, hala ere, Arrateko igoeran eta Getxoko zirkuituan lortu zituen garaipen handiak, eta baita penintsulako Vueltaren urte batean egindako parte hartzea ere.

Elgezabalek kirolari zion pasio horrek eraman zuen, geroago, Gernika futbol taldeko presidente izatera eta Athleticeko juntara batzeko eskaintza jasotzera, Beti Duñabeitiaren sasoian, eta San Mamesen igandeetako zale ohikoa zen. Elgezabal, gainera, zinegotzi jeltzale izan zen hiru agintalditan —eta halabeharrezko alkate— bere herrian, nahiz eta berak aitortzen zuen ez zuela bere burua politikaritzat, «bai ordea abertzaletzat», Pedro Mari Goikoetxea telebistako kazetariak egin zion biografian jasotzen duenez: Oscar Elgezabal. Bizipenak eta pasadizuak (Labayru FundazioaArruti subestaciones, 2017).

Elgezabal eta haren familia urtebete pasatxo bizi izan ziren Katalunian, Gernikara itzuli aurretik, baina denbora nahikoa izan zen Palau Ferre margolariarekin adiskidetasun handi bat sortzeko, bizitza osoa iraun zuen adiskidetasun bat; sarritan bisitatzen zuten margolaria haren tailerrean, Pobleteko monasterio zistertarrerako errepidean. Ordutik aurrera, ohikoa bihurtu zen Palau Ferre Euskal Herrian ikustea egun batzuk pasatzen, non gozatuko baitzuen berdearen kolore guztiez; eta ohikoa bihurtu zen margolariaren etxean adiskide euskaldunak topatzea, tela, marko eta pintzelen artean.

Berrogeita hamarreko lehen urteetan Nafarroara egindako lehen ikasketa bidaia hartatik gordetzen dira hiru paisaia irudi, Tuterako leku esanguratsuetakoak —katedralaren horma nagusia, ibai bazterreko ibilbideko kioskoa eta San Juan plaza—. Elgezabalekin egin zuen adiskidetasun luzetik aurrera, euskal kolekzionista batzuk ere eskuratu zituzten artistaren obrak.

Izatez, pandemia hasi baino lehentxeago, Palau Ferreren katalogo arrazoitua lantzeko prozesuaren barruan, berriro joan ginen Euskal Herrira, eta kalitate handiko obra kopuru esanguratsu bat aurkitu genuen kolekzio partikularretan, zeinak egunen batean erakutsi beharko diren publikoaren aurrean.

Palau Ferrek pintatu ohi zituen emakume irudi bereizgarrien olio-pinturak dira aurkitutako horiek, haien almendra itxurako begiekin eta lepo etzanekin; eta haiekin batera, ekilore handi zeharo horiak eta bakearen usoarekin egindako konposizio sinbolikoak. Gorri biziko sandiak, Commedia dell'Artetik ateratako arlekinak eta bikote musikalak ere osatzen ziren zeramika pieza batzuekin, Palau Ferrek eraikitzen zituenak lurrari lotutako artisauen tradizio zaharrari jarraituz.

Antoni Batistarentzat, seguru asko Euskadiri buruz gehien idatzi duen kazetari katalanarentzat, «Palau Ferre gai izan zen obra identifikagarri bat eraikitzeko, irauten duten sortzaile apartekoek egin ohi duten bezala». Urte batzuk lehenago, Bilboko egunkari batean, artistak esana zuen artisten eskubideak defenditu behar direla, galeriek, subastek eta espekulazioak markatutako artearen mundu baten aurrean. Sortzeko askatasunaren aldarrikapen hori berarekin eraman zuen beti, 1974an Auzitegi Gorenak metro koadroka pintatzera zigortu zuenetik, Palau Ferrek higiezinen arte merkatari batekin sinatu zuen kontratu bateko klausulen ondorioz. Ebazpen sinesgaitz haren ostean jaso zituen babes mezu ugarien artean, Elgezabal izan zen artista animatzen saiatu zirenetako bat.

Duela gutxi, Eusko Ikaskuntzak babestu du Palau Ferrek Syracuseko Unibertsitatearen enkarguz egin zuen eta New Yorkeko Everson museoan erakutsia izan zen Picassoren Guernica ezagunaren berrinterpretazioari buruzko ikerketa bat. Hortaz, ezin da baztertu hurrengo hilabeteetan euskal kolekzioetan pieza berriak agertzea, batez ere hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan oporrak Tarragonako hondartzetan igarotzen zituzten udatiarren artetik, zeinak atlantiko ertzeko etxeetara itzuliko baitziren garrantzi bereziko pieza piktoriko batzuekin.

Abuztuaren 24 honetan beteko da Matias Palau Ferreren jaiotzaren mendeurrena, eta Kataluniako Generalitatearen ospakizun batean gogoratuko da, zeina 2021 honetan hainbat ekitaldi eta erakusketa sustatzen ari baita, eta, marko horretan, merezi du gogoratzea artistak eduki zuen adiskidetasun ederra Oscar Elgezabalekin, arteak zaletutako ziklista bizkaitarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.