Etxeko Uzta taldearekin diskoa kaleratu berri du Pettik, eta, zuzenekoetan ere taldearekin jo nahiko lukeen arren, bakarka aritu behar izaten du gehienetan, «ez dagoelako dirurik taldea ordaintzeko». Eta, bide batez esanda, dagoeneko aspertu da musikari nafarra inguruan erreguka ibiltzeaz: «Nekatuta nago mesedeak eskatzeko. 20 urte daramatzat mesedeak eskatzen, eta lotsa ematen du batzuetan».
Hitz gutxitan, euskal kulturgintzaren fenomeno ohikoenetako bat laburbildu du Pettik. Ezaguna da erretorika: «Musika jaialdia antolatu dugu. Etorriko zinateke, faborez?», edota «ekitaldi hasierarako testutxo bat beharko genuke. Idatziko al zenuke, mesedez?», edo, bestela, «kartelerako irudi bat egin zenezake, otoi?». Esan gabe doa debalde dutela sinonimo egoerotako faborez, mesedez eta otoi guztiek.
Ziurrenik, gure herri eta kulturaren txikitasunarekin du lotura fenomenoak. Beste egoera batean ez lirateke hain erraz eta eskuragarriak sortzaile eta programatzailearen arteko loturak. Gurean bereizgarri diren auzolan kulturak eta asoziazionismorako joerak ere azalduko lukete egoera. Eta oso ongi: poztekoa da borondatezko lanerako prestasuna. Ez da leku askotan egongo kulturgile eta herri aldarrikapenaren arteko lotura agerikoagorik. Ez dute toki askotan elkar elikatuko bi aldeek, hemen bezainbeste.
Neurrian, ordea. Elikatu, bere burua ere elikatu behar izaten baitu sortzaileak, eta platera bete. Zalantza dut, ez ote den aukera beharko lukeena eguneroko lege bihurtu. Agian, Pettik bezala, tarteka lotsa pixka bat ere beharko luke antolatzaileak telefonoa hartzerakoan.

DENA ETA EZTENA
Otoi, mesedez eta faborez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu