
Zinema. Fantasien gatibu
Patu tragikoa
Bilbo Arte Fundazioak antolatutako Distopiaren amaiera zikloaren barnean, Aleksander Sokuroven Faust proiektatuko da bihar. Errusiarraren zinemara hurbiltzea ez da batere erraza. Haren obra definitzea ez da zeregin makala; buruhauste bat baino gehiago ekar diezaioke jardun horretan tematu den edonori. Errazena haren zinema baztertzea edota gutxiestea izango litzateke, ezbairik gabe. Norberaren mundu ikuskerarekin bat ez datorren lan oro automatikoki eta sistematikoki mespretxatzea izan daiteke, agian, burutsuena. Hausnarketarako gonbita eraso gisa ulertzen baita kasu horietan. Ezinegona eragiten digun oro gorrotatzea da beharbada arazoa ekiditeko modurik egokiena. Aniztasunaren aldarriak bat-batean mututu egiten dira norberaren balio sakratuenei gupidagabe erasotzen zaienean. Zinemak inkontzientearekin lotzen gaitu, ez baita entretenimendu hutsa, espirituaren tenplua baizik. Presoak bezalaxe senti gaitezke askotan, pantailari so, ihesbiderik gabe; beste norabait begiratu nahiko genuke, orduan, iragarki baten esperoan, apika, baina ezer ez. Isiltasuna da nagusi. Ispiluaren aurrean aurkitzen gara biluzik. Bakarrik. Eta orduantxe ohartzen zara: ez dago zalantzak edukitzea baino ezer higuingarriagorik. Gorroto duzu sentsazio hori. Tortura lehenbailehen amaitzea eska diezaiokezu ahalguztidunari, baina erreguak alferrikakoak izango dira. Aniztasuna onargarria izan daiteke, betiere norberaren egiak berresten dituen bitartean. Bestearen narrazioak beldurra eragiten digu, ez baita gure esentziaren parte, ametsen fabrika den modu berean; taupaden erritmoa kontrolpean du Hollywoodek, bihotza ez baita makina bat besterik, eta ilusioa beti gailentzen zaio egiari, antza; ilusio horren aurka oldartzen diren egileek mespretxua merezi dute. Bizitzaren egiak islatzeko artifizioa erabiltzen denean errebelazioa gerta daiteke. Jainkorik gabeko mundu batean, ordea, zinemak ez dauka lekurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu