Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

'PEDALÓ'

2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Duela 1.300 milioi argi urte izan zen bi zulo beltzen arteko fusioaren soinua jaso genuen joan den otsailean. Proportzio erraldoiko pasartea izan zena —zuloon masa eguzkiarena baino 36 eta 29 aldiz handiagoa zen— bi segundo-hamarren blip nimiño bilakatu zen AEBetako behatokietan. Seinalearen audioa horren zen motza, prentsaurrekoan zeudenek abiadura geldoagoan ipintzeko eskatu zuten birritan.

Ez dago hain urrutira begiratu beharrik unibertsoaren musika entzuteko. Gure planetan bertan jakin dugu Zaragozako geologo eta musikari talde batek lurraren historiari musika ipini diola. Sonifikazioa delako teknika erabiliz, bospasei harkaitz motako geruza geologikodun segida bat aukeratu eta bakoitzari musika nota bat eman diote. Geruza bakoitza energia handiagoko edo txikiagoko baldintzetan sedimentatua izan den aztertu dute: ur korronte oldarkorretan sedimentatuei nota grabe eta fuerteak egokitu dizkiete; pasarte bareagoei nota agudoagoak. Bukatzeko, kapa bakoitzaren lodieraren arabera erabaki dute nota bakoitzaren iraupena, eta, horrekin, oinarrizko partitura bat sortu dute.

Are gertuagora etorrita, duela ez hainbeste hiru lagun pasatu ziren planetaren gertakizun garrantzitsuenen testigu izan zenaren Zumaiako flyscharen aurretik, pedalontzi baten gainean, ukelelearekin kantuan. Duela 65 milioi urte dinosauroak suntsitu zitueneko meteoritoaren arrastoak gordetzen dituen iridio geruzari kantuan; duela 56 milioi urte planetan izan den azken berotze azkarraren testiguaren gainean oinez, ortozik, denari arrotz.

Azpian zuten ur masa ez zen testigu bakarra izan, lurretik jarraitu zien laugarrenak, ikus-entzunezkoei eta zientziari dion pasioa bat eginez, euskal kostaldea pedalontzian zeharkatu zuten hiru lagunen bidaia jasotzen duen dokumental bat osatuz. Haren off-eko ahotsak esaten duen bezala, ezin jakin x milioi urte barru inork igarriko duen lagun hauen arrastoa naturan idatzia. Baina badakigu arrastorik lagatzen ez duten gauza bitxi eta eder asko pasatzen direla une oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.