Haizea Barcenilla
Begiz

Perlikultura

2025eko maiatzaren 27a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Perla bat da Viviane Straub-ek Azpeitiko udal erakusketa aretorako prestatu duen Textile mostra. Inguruko ibaiertzetako landareen adar eta hostoetan korapilatuta zeuden oihal hondakinak jaso ditu eta bizitza berria eman die, josiz zein ehunduz, bere hitzetan, «zauririk estali gabe». Alde batetik, piezen tamaina handiek hondamendi ekologikoaren neurria ematen dute; bestalde, oihalgintzaren gaineko gogoeta bultzatzen du mostrak, zatiki horiek jasan dituzten prozesuetan pentsarazita. Ehungintza gizakia bezain zaharra da, baina azken mendean jasan duen gainekoizpen industrial kapitalistaren ondorioz, oihalak egitearen prozesuaren ikuspegia erabat galdu dugu, eta erabili eta botatzeko logikaren arabera maneiatzen ditugu. Strauben artelanek alderdi zaindu eta eder bat duten arren, hurbiletik begiratuta degradazioaren markak erakusten dituzte argiki. Gure gizartearen zauriak, edo gure gizarteak eragindakoak, estali gabe.

Badira perla naturalak, baina iristen zaizkigun gehienak kultibatu egiten dira, eta hori da Strauben erakusketaren kasua. Eibarren finkatutako artistak Azpeitiko Dinamoan izan zuen erresidentzia batetik jaio zen lana. Perla haztegietan bezala, non perlen garapena herritarren begietatik at gertatzen den, kaletik aldenduta dagoen eraikin baten ateen atzean gauzatzen dira Straubenaren motatako proiektuak. Lan egiteko diru txikia, eta espazioa eta denbora ematen zaie Dinamoan artistei, ostrei harea tanta bat eta denbora ematen zaien bezala.

Azpeitiko Dinamoa hiriburuetatik urrun dagoen arte produkzio zentro handi bakarra da, eta horrek ere bere garrantzia markatzen du, ez baita ona kultur adierazpen guztiak hirietan zentralizatzea. Baina aurrera egitea kostatzen ari zaio: iaz Jaurlaritzako Sorgune deialditik kanpo utzi zuten, oso beharrezkoa zuen diru iturri bat moztuz. 54.000 euro inguru jaso zituen aurreko bi urteetako bakoitzean Dinamoak Sorgunetik, kantitate umila dirudiena perla haztegi batentzat, ene ustez. Martxan dihardu eta Textile da horren erakusle, baina zenbat denboraz eta zelako oparotasunez jarraitzeko indarra izango ote du, are tantarik gabe?

Bitartean, Jaurlaritza gune erraldoia planifikatzen ari da Euskal Herriko beste landa eremu batean: Urdaibaiko Guggenheim. Honen kostua 130 milioi eurokoa da, eta oraindik ez dago argi arte perlak haziko dituen edo lanak erakustera mugatuko den. Paradoxetako bat da, hain zuzen, bertako perlak hazteko errekurtsoak jango ote dituen erakusleihoak.

130 milioi euroko aurrekontua onargarritzat daukan erakunde bati oso merke iruditu beharko litzaioke Dinamoak behar duen papurra. Eta Viviane Strauben erakusketa ikusita, argi dago baliabide horiek bikain erabili direla. Egin dezagun, beraz, perlikulturaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.