Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Poeta gatzik gabekoak

2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Jon Juaristik aspaldian aitortu zuen Gabriel Arestiren poema guztiekin baino gehiago hunkitu zela adineko emakume bizkaitar bat Frantziako Anderea balada zaharra kantatzen entzun zuenean, Arratian.

Hona, bada, balada: «—Agur, agur, ama neuria / —Ongi etorri zarela seme neuria / Ezkondurik edo ezkongai eldu zara, semia? / —Ezkondurik eldu naiz ama neuria / —Frantsa edo española duzu andria? / —Frantsesa dut baño da guziz noblia / —Mortura guan eta ill egin bear dik / nik eztiet ikusi nai frantses erreiñarik / Andikan guan nitzen apezarengana / apezarengana eta anaiarengana / Ark ere esan ziran amak bezala / mortura guan eta ill egin nezala / Andikan guan nitzen arrebarengana / arrebarengana eta gaztenarengana / Aretxek esan ziran biar zan bezala / etxera karri eta maitatu nezala / estimatzen zuela koñata bezala / —Andria, igesi, igesi zaldien gañera / mortura guan eta ill egin bear dun / Andriak eldu dire andik eta emendik / nere arreba Juana ezta ageri iñondik / Senarrak eman ziran lenbiziko kolpia / bereala koñadu apezak aldamenetik bertzia / —Oi kanabitaren puntaren zorrotza! / Usu arrapu dio nere amari biotza».

Juaristi hunkitu egiten omen zen Iparraldean bezala Nafarroan eta Bizkaian askotan jaso duten andere frantsaren zorigaitzaren kopla xume eta gogor horiekin, Europako tradizioan usu agertutako amaginarreba gaiztoaren bariazio xarmangarria; hunkitu, partidurik gabeko poeta komunistaren poema sozial guztiekin baino gehiago. Gozatua hartzen omen zuen herri poesiarekin, herri hizkerarekin, eta gorrotatu egiten zuen Arestik berak bultzatutako euskara batua, «laborategiko mordoilo motel eta geza, kolore barikoa, latza eta mortua». Milia Lasturkoaren ereserkietan, Beotibarreko kantuan, Bereterretxeren kantorean, Urtsuakoan — «Urtsuan zazpi leiho / zazpiak lerro lerro / Lantainako alaba / Urtsuan defuntu dago»— haurtzaroko oroitzapenen goxotasuna aurkitzen omen zuen Juaristik. Gogora ekartzen omen zioten mundu basa eta benetakoa, Juaristiri.

Ondo nabarmendu nahi izan zuen ez zela miresmen «chauvinista», eta bat egiten zuen Prosper Merimee idazle eta historiagile frantziar handiarekin, esan zuena euskal poetak «gatzik gabeko samarrak» zirela; epai zorrotza eman nahi izan zuen, esanez euskarazko poemak, baladak, koplak eta ahoz aho iritsitako kantak ez zirela espainiar edo frantses tradiziokoekiko konparagarriak, eta gai aldetik ere, motz samarrak zirela: edo leinuen arteko borroka odoltsuak, edo ezkontideen arteko tratu txarrak.

Gogorrak, lehengo euskaldunak.

Baina herri tradizioa defenditu zuen nolanahi ere Juaristik; defenditu ez estiloagatik, ez kantitateagatik, ez kalitateagatik, hurbiltasunagatik baizik. Auzo herriena bezain oparoa ez izanda ere, aztertu eta maitatu zuen. Interesgarritzat jotzen zuen.

Jakina, hori guztia aspaldian idatzi zuen: 1988an, Flor de baladas vascas liburuaren aitzinsolasean. Aste honetan, beste harribitxien artean, esan du bertsolariak imitatzen ahalegindu zela Aresti hasi zenean; herri poesia zuela buruan.

1959ko Bizkaitarrak poemari begiratuta, ez zaio arrazoi falta: «Melitxu Basurtuko / piko meladua / mesperu ustel gozoa / sagar eztitsua / laster izango zaraz/ neugaz ezkondua / neure bizi lekua / ezta komentua».

To, poesia soziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.