urtzi urkizu
Donostiako61. Zinemaldia. Basquewood

'Postureo zinemaldi'

2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hanka biko lau katu lau izan ginen asteazken gauean Principe aretoetan Alardearen seme-alabak dokumentala ikusten. Bistan da, datorren astean Zinemaldian izango diren bi emanaldietan aretoa beteta izango da; beteta ez badago, ez da urruti ibiliko. Sare sozialetan egunotan ibiliko den kontzeptu baten eragina: #postureozinemaldi.

Fribolizazioak albo batera utzita, pozgarria da Eneko Olasagasti eta Jone Karres zuzendarien lana Zinemaldian ikusi ahal izatea. Gaurkotasuna erabatekoa du gaiak. Hondarribiko eta Irungo alardeak, eta emakumeen diskriminazioa. Emakume batek beste bati «Bortxa zaitzatela!» oihukatzen entzutea gogorra da gero, zergatik eta emakume horrek festa berdintasunean bizi nahi duelako. Lehengusu batek beste bati jo nahi izatea. Adineko gizon bat herrian lagunik gabe gelditzea. Halako egoerak sortu dira azkeneko urteetan Hondarribian. Modu finean dokumentatuta, eta gertuko testigantzekin, harilkatuz doa dena Alardearen seme-alabak lanean. Gomendagarria litzateke dokumentala telebistako ikus-entzuleek aurki ikusi ahal izatea. Bi herri horietako alkateek ere ikus dezaten behintzat.

Urrutiagoko emakume baten istorioa kontatzen du Zela Trovke abestiak. Izen bereko film laburra ederra da gero. Belarra mozten, emakumea hil edo bizi. Ikusle askorentzat aurkikuntza bat izango da Maite Larburu biolin jotzailea. Holland Baroque Society taldean ari da, Herbehereetan. Eta haren hitzak sendo iristen dira belarrietara, indartsu. Istorio txiki batekin emaitza aparta lortzen du Asier Altunak, amaiera txundigarri batekin.

Izibene Oñederraren animazioko Hotzanak pieza bitxia ere estreinatu zuten atzo. Belodromoko pantaila erraldoian proiektatuko dute lana azken egunean. Baina Oñederra ez da postureo-en zale, eta egunotan ez da Donostian izango. Haren marrazki biziek haren izenean hitz egiten dute. Sentipen kontrajarriak eraginez. Postureozinemaldi-ko hitz behartuak eta gure topikoak entzun gabe lasaiago pasatuko ditu egun hauek Oñederrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.