BEGIZ

Presio eltzeak

Ismael Manterola
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oporraldi egun hauetan, Bartzelonan zabaldu berri duten diseinuaren museoan izan naiz.

Ezaguna da Kataluniako hiriburuak alor horretan eman duena eta oraindik ere ematen ari dena. Beraz, ez da harritzekoa lau solairuko eraikina eraikitzea diseinuaren ikerketari, historiari eta egungo egoerari eskaintzeko.

Ibilbidearen atal batzuetan, Euskal Herrian egindako objektuekin topo egin daiteke, adibidez, Fagor markako presio eltzeekin, Orbea eta BH bizikletekin edo Bidasoako portzelana fabrikatik irtendako ontziekin. Horrek agerian jartzen du zer arreta gutxi eskaini diogun euskaldunok diseinuaren munduari; aurrean aipatutako adibideen artean, presio eltzeak Fagorren egindakoak izan arren, diseinatzaile katalanen proiektuak dira, Bidasoako ontziak artista batekin izandako kolaboraziotik sortutakoak dira eta bizikletak diseinatzailerik gabe egindakoak dira.

Industriari (batez ere, metal industriari) begira bizi izandako herria garela askotan aipatu arren, ez dirudi gehiegi ikasi dugunik gure industriaren gorabeheretatik; nire iritziz, diseinuaren mundua oraindik gehiegi landu gabe daukagulako. Batetik, oraindik ez dago konponduta industria eta diseinuaren munduaren arteko harremana; heziketa zentro gutxi daude, eta enpresek ere ez diote garrantzi handirik ematen gaiari; ez bada, kanpoko profesionalak hartu behar dituztenean, behintzat. Zaila izango al litzateke diseinu industrialeko eskolaren bat edo atalen bat zabaltzea gure unibertsitatean?

Bestalde, kasu gutxi egiten diogu gure iragan industrialari. Berrindustrializazioak Euskal Herriaren historiarako garrantzi handiko izan ziren enpresak desagerrarazi zituen, lekukoren bat gordetzeko gogo gehiegirik gabe. Bartzelonako museoan ikusi behar al ditugu Eibarren egindako bizikletak edo Arrasaten egindako etxeko tresnak? Gure arbasoen izerdiak sortutako objektu edo gaiak, diseinuzkoak izan gabe ere, non ikus ditzakegu? Industriaren museorik gabeko Bilbo turistikoak ondo islatzen al du ia 200 urtetan hiria izan dena? Gipuzkoa, hondartzak eta mendia baino gehiago, industria txikiz zipriztindutako lurraldea ez al da izan? Gasteizen eta Iruñean 60ko hamarkadak utzitako industria eta hirigintza antolaketa ezabatu behar al da?

Beste tokiek bere berezitasuna eskaintzen badute, zergatik eskaini behar dugu guk mundu guztiko hirietan eskain dezaketena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.