Haizea Barcenilla
BEGIZ

Protokoloen beharraren tristezia

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko astean Eusko Ikaskuntzak antolatutako Kultur kudeaketa eraldaketarako jardunaldira joan nintzen, kultur eskubideen inguruan lanean aritutako talde eragilearen lana ezagutzeko. Lantalde polita da, eta aurretik egindako beste ekimenen batean egon naiz; ekarpenak oso baliagarriak izango zirela sinetsita joan nintzen.

Puntuetako bat kultur ekitaldiak antolatzeko protokolo baten aurkezpena zen. Deigarria egin zitzaidan hain gauza zehatza izatea ikerketa prozesuaren emaitza; gehienetan, halako taldeek txosten potolo bat argitaratzen dute, orokorki planteatua. Egia da bidea oraindik ez dela amaitu eta protokoloa ez dela emaitza azken eta bakarra. Hala ere, ez zen aurreikusten nuena.

Sentsazio horrekin ireki nuen aurrez bidalitako zirriborroa, protokoloa irakurrita bildu gintezen. Eta irakurri ahala, sentsazioa areagotzen joan zen. Onartu behar dut pentsatutako lehen gauza honakoa izan zela: beharrezkoa al da hain ageriko kontuak paperean jartzea? Idatziz jarri beharra dago sortzaileei zenbat eta nola ordainduko zaien aurretik esan behar zaiela? Aparkalekua eskaini behar zaiela emanaldia egitera datozenean? Hartzaileen irisgarritasuna bermatu behar dela? Ez al genekien jada hori guztia?

Baina lehen bultzada horretan nengoela, gogora etortzen hasi zitzaizkidan nik, lankideek edota lagunek bizi izan ditugun egoerak. Erakunde publiko batean komisariotza lan bat eskaini eta zenbat kobratu nahi zuten galdetu zieten hura, aurreko komisario famatuak kobratu zuena eskaini beharrean; alegia, ez nahi zutena ordaintzeko, euren esperientzia faltak eskaini ahal zitzaiena baino gutxiago eskatzera bultzatuko zituelako baizik. Edo beste hura, proiektuaren erdibidean erakundeak artistei ordainduko ez ziela esan zienean, «haien ordaina merkatuan lanaren prezioa igotzea» zela argudiatuta, gure artista gehienek arte merkatuan lekurik ez dutela jakin arren. Edo artistarekin eguna baieztatu gabe prentsaurrekoa antolatu zuten beste hura. Edo artelanak furgonetan eraman zituen horrena, erakundeari garraio profesionala aurrezteko, eta aparkalekuko egun osoko prezioa ordaintzen amaitu zuena. Edo erakusketara muntatzera iritsi eta espazioa aulkiz beteta zegoela aurkitu zuen horrena. Edo…

Eta konturatu nintzen, tristaturik, puntu hauek guztiak protokolo batean elkartzea eta udaletxe, erakunde, elkarte, eskola, liburutegi eta kultur etxeetan banatzea ez dela inolako tontakeria. Batzuk, nik hasieran bezala, ez dutela beharra ikusiko, badelako kontuz eta gogoz aritzen den jendea. Baina beste batzuek, eta ez gutxik, euren orain arteko jardunen hutsuneez gogoeta egiteko arrazoia topatuko dutela bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.