begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Rotterdamen eta gurean ez da faszinagarriagorik

2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Denok dakigu 20.000 especies de abejas filma Berlinen izango dela. Ikusga(rr)i. Dastagarri. Sariak eskura. Cuerdas laburra Cannesen estreinatu zuen Estibaliz Urresola Solagurenek; lehen luzea, Marlene Dietrichen izena daraman plazako Filmpalasten bertan.

Bai, Alemaniako hiriburuan zinema aretoei jauregi deitzen diete. Errespetuz, kariñoz, adei osoz.

Iaz, Bilboko Zinebin, izan zen topaketa bitxi bat, izenburu are bitxiagoa zuena: Emakumeak zinema jaialdietan... non gaude?. Bertaratu ziren hainbat zinema jaialditako arduradunak, programatzaileak eta borrokalariak. Emakumeak denak, jakina. Berba egin zuten luze, kexati, sutsu.

Alferrik. Debalde. Joandako garaietan emakumeek egindako borrokaren berri eta nozitutako mixerien notiziya izan nahi duenak jo dezala oraintxe Euskadiko Filmategiak atera duen Euskal emakume zinemagileak izeneko saiakera sorta primerakora.

Egungo eta biharko emakume zinemagileak zertan, non, zerez, nola, zertarako diren jakin nahi duenak, berriz, har ditzala azken, azken-aurreko eta azken-hirugarren festibaletako filmen zerrendak, eta has dadila sail guztietan agertzen diren emakumezkoen izenak kontatzen. Murgil daiteke zinemaldi horietako palmaresetan ere, eta baietz aurkitu, bai Bilbokoan, bai Donostiakoan, bai Canneskoan, bai auskalo nongoetan, argazki ugari, non zinema egiten duten emakumeak eskuan garaipen ikurrak dituztela agertzen diren.

Utziko al diogu inoiz negar egiteari, otoi! Estibaliz Berlinen izango da otsailean. Berlinaleko jauregietan, non, emanaldien aurretik, jendeak xanpain kopa bat hartzen duen; non, emanaldien ondoren, ikusleek, ardo bero bat basoetan, filma komentatzen duten, kandelen argipean.

Bai, Estibaliz Marlene Dietrichplatzen. Zoopalasten. Rosa Luxemburgen izena duen kaleko Babylonen. Bertan bildu ohi ziren, ezkutuan, arrisku osoan, Hitlerren kontra jarduten zuten gutxi horiek. Egunotan, Babylon paregabean, Danimarkako zinemaren inguruko emanaldietan eta hitzaldietan ari dira. Aldi berean, bai gozamenerako, bai jakinduriarako, baita gure zeluloidezko identitatea bermatzeko eta indartzeko ere nahitaezkoak diren pelikula batzuk ari dira omentzen.

Esaterako, Chaplinen Modern Times. Zuzeneko orkestra batekin; hain zuzen ere, Babylon aretoak sostengatzen duenarekin. Bihar, berriz, Metropolis! Musikarekin, hori ere... Geroxeago, 20.000 especies de abejas-en esperoan, Nosferatu, Berlin: die sinfonie der grobstadt edo, zergatik ez?, Katsuhiro Otomoren 1988ko Akira. Bai, hor: Rosa Luxemburgen kalean. Estibalizen erleak noiz iritsiko zain. Zeren, bai han, bai Astor jauregian, bai Berlin gaineko zeruan (aingeruak guri begira dauden zeru horretan), ederki dakite erleak dituzten pelikula guztiek merezi dutela. Esaterako, Angelopoulosen O melissokomos-ek (Erlezaina).

Egunak, asteak falta dira Berlin aldera joateko. Alta, Rotterdamen bihar bertan dastatuko dute guk Donostian irailean gozatu genuen film berdingabea: Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto.

Bai, han. Herbehereetako zinema festa nagusian. Nagusia, eta Europako zorrotzenetarikoa. Zorrotza, eta etorkizunari begietara (kliska egin gabe) begiratzen diona.

Ba, hortxe, bihar ikusgai, iazko Donostiako Zinemaldiaren zinema puskarik ederrenetarikoa, nire irudiko. Ederrena, liburuak, pelikulak, jende libre baten oroipenak gustuko badituzu. Bizitzan egin ohi ditugun maltzurkeriak, bihurrikeriak ontzat ematen badituzu. Hainbat eta hainbat giza konpromisori uko egiten ez badiezu. Ezta politikoari ere. Magikoari ere ez.

Non daude emakumeak zinemaldietan? Ba, hortxe. Berlinen eta Rotterdamen. Libre, bizitzarekin engaiaturik, sentsualite oparo baten konplize diren emakumez beteriko zinemagintza distiratsua eskainiz. Eta ez ahaztu martxoaren 3an libertate osoan hain berezia den beste film bat estreinatuko dela. Ez Alemaniako hiriburuan, ez Rotterdamgo Bright Future sailean, gure etxe ondoko hainbat areto ez hain korrientetan baizik: Jone Atenearen Los caballos mueren al amanecer filma. Eivissako Zinemaldirako bidea hartuko du gero. Baina guk jakin badakigu estreinakoz Iruñekoan ikusi genuela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.