Joanes Etxebarria.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketa. Finala. Iritzia

Saio ona, ezustekoekin

2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Finalak bazituen ezaugarri batzuk ezinbestekoak direnak txapelketako zeinahi saio baino zerbait gehiago izan dadin. Bertsolari onak, jendetza, ezusteko batzuk eta sentipenak gora eta behera.

Ezustekoak atzo gazi-gozoak izan ziren. Gozoa, Maddi Sarasuarena. Euskal Herriko eskolarteko txapelarekin heldu bazen ere, inork ezin zuen aitzinetik erran mailari heltzen asmatuko zuenez. Boz goxoarekin, ideia freskoekin eta beharrezkoa zelarik publikoaren sostenguarekin, ezinago ontsa aritu zen.

Ezusteko gaziak, txapelketa orotan bezala, bat baino gehiago izan ziren. Saioaz, bakoitzak du bere bizipena, baina epaiak du finkatzen sailkapena. Horrekin egin behar. Sustrai Colinak, halere, buruz burukora sailkatzeko egin behar zena egin zuen. Hori ezin daiteke uka. Are gehiago, zortziko handian Odei Barrosorekin ari behar izan zuelarik gai nahasi bati ihardesten.

Baina ez gara horrekin geldituko. Publikoak Maddi Sarasua trabatua zelarik lagundu zuen bezala, bertsoaldi onak eskertzen jakin izan zuen. Finalean pentsatzen iragan segundo isil bakoitza bikoitza bilakatzen bada ere, txaloen oihartzuna ere bikoitza da. Nahiz eta buruz burukoa argitzean batzuk harritu, ikuslea bestaren parte izan zen dudarik gabe.

Finalaren formula berriak, zortziren partez sei bertsolari izateak, bizitasuna ekarri zion saioari. Eta, beharbada, bertsolari bakoitza hobeki sentitzeko parada. Eneritz Zabaleta aitzineko finalean baino lasaiago agertu zen oholtzara, eta horrek ondorioak ukan zituen haren bertsoetan. Umoretik anitz jo zuen, eta kolpe batean baino gehiagotan erakutsi zuen bere maila. Lasaitasun hori falta izan zitzaion Xumai Muruari. Usu gertatzen zaion bezala, idatzi ondoan irakurtzeko gisan diren bertso batzuk utzi zituen. Baina ez zituen aski saldu taula gainean.

Sortu dituzten istorioekin geldituko da jendea momentu batean. Igarle batek gauzarik ederrenak hitzeman eta handik ateratzean basurde batek autoa xehaturik Sustrai; Amets aterperik gabearen ibilbidea hirian barna; Odei ama gaztearen zailtasunak ikasteko; Xumairen fedea katedrala garaiz konpondua izan dadin... Geldituko dira horiek, edo bakoitza hunki dituen hitzak.

Buruz burukoak dudak sortu bazituen, ez zen horregatik txarra izan. Gaiak zionean epaile bat lo zela haien parean, Barrosok kantatu zuen horregatik zela gora pasa. Geldituko dena, haatik, ez da hori izango, baizik eta duela bi urte bezala behar zen heina eman zuela. Eta txapelduna badugu berriz. Amets Arzallusen supremazia harrigarria da. Eta gozagarria. Zorionak, txapeldun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.