begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Shanghaiko lilura malurus hura

2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira Iparraldean Cannesen izandako bi film ezin konparatuzko, Hegoaldera Donostiako Zinemaldiaren bitartez iritsiko direnak. Batak Anatomie d'une chute du izenburu, urrez estali zuten Kosta Urdinean eta Justine Trietek sinatua da. Justinek bazterrak astindu eta haizeak harrotu zituen saria jasotzean, beldur zela aitortuz. Zeren beldur? Frantziako Gobernuak kulturari eskainitako bitartekoez. Kultura ministro Rima Abdul Malak andreak harrosko erantzun zion, zin eginez Macronen gobernuak kultura maite, zaindu, bultza, babestu egiten eta egingo duela, in sipula sipolorum. Amen. Inch Allah.

Ika-mika hura denboraren eta hamaika estreinaldiren poderioz baretu zen. Atertu zuen Anatomie d'une chute-k paisaia duen muino elurtu horren gainean, eta filmaren goi mailako kalitatea baino ez da, egun, agerian, begi-bistan, han-hemengo komentarioetan.

Iparraldean ikusgai den beste filma, Hegoaldera Zinemaldiaren garaian iritsiko dena, Enkarterrietan jaiotako Victor Erizeren Cierra los ojos da. Honek ere anabasa dexente sorrarazi zuen Cannesen. Ez da, prexixo, El sur eta El espíritu de la colmena artelanen autorea gizakirik errazena, erosoena jendearekiko tratuetan. Hitzezko joan-etorri sutsuak izan zituen Cannesko ordezkari nagusi Thierry Fremauxekin. Ez zuten Cierra los ojos txapelketan sartu, baizik eta Cannes Premiere izeneko sail bastante berrian, non egile handien azken lanak aurkezten diren. Erabaki horrek —eta, Erizeren esanetan, antolatzaileekiko komunikazio ezak— erretxindu zuen El sol del membrillo-ren egilea, Kiarostamirekin posta-truke zoragarria, museoetan zein zinema eskoletan irakurgai izan dena, mantendu zuen artista Bizkaikoa.

Baretu ziren oraingoan ere zeluloidezko enbata horiek, eta hor daude bi film paregabe, gure aretoetan tentalari.

Anatomie d'une chute-ri (Erortze baten anatomia, hots) ederki legokioke ere Bikote baten autopsia, senar-emazte batzuen isilpeko hilgarrien berri zehatz eta, aldi berean, lanbrotsua ematen baitigu, epaiketa-generoari dagozkion baliabide guztiak trebe eta beldurrik gabe erabiliz, bisturia ahalik eta sakonen sartuz. Bide batez, ez ahaztu zeinen ondo erabiltzen duen Frantziako zinemak auzitegietako giroa salaketa eta arima indusketa ikaragarriak egiteko: Saint Omer, kasu. Eta Iparraldean segituan izango duzuen Le proces Goldman... —Dreyfusen kasua ekarriko dizue burura presorik hartzen ez duen proposamen latz horrek—.

Bestelako oroitzapenak piztuko dizkizu Erizerenak hasieratik. Derrepentean, espero ez zenuen pelikula batean zaude. Inork ez dizu horrelakorik kontatu. Inork ez zizun azaldu Cierra los ojos-ek hitz/irudiaurre bat zuenik. Baina badu, eta malezia gabekoak gineneko zeluloideak zuen usaina dario aitzinsolasaldi irudizko horri. Garai haietakoa, bai; noiz guk dena sinisten genuen. Noiz, nahiz eta jakin hangoak ez zirela, aktoreak benetako Ekialdekoak zirela uste genuen. Noiz buruz ikasten genituen haien hitzak. Gogoan zer zioen Marlene Dietrichek Josef von Sternbergen Shanghai Express-en, adibidez? Ez? Ba mendeak zeharkaturiko esaldi hau: «Gizon bat baino gehiago behar izan zen nire izena Shanghai Lily izan zedin».

Horrelakorik entzun orduko, Erize malurus sorgindu zuen Shanghairen xarma zeinen mingarria gerta daitekeen ulertuko duzue. Anitz ongi.

Hamarkadak joan, hamarkadak etorri, Erizek Juan Marseren El embrujo de Shanghai nobela egokitu nahi izan zuen. Eta egokitzen hasi. Hasi ziren orduantxe Elias Kerejetarekin gatazka larriak. Eta bertan behera utzi behar asmoa. Minez, doluz abandonatu ere. Horrexegatik, bere galdu ezinezko azken lanaren azken-aurreko irudiak, denok salbatuko gaituenak, badu ederki dagokion izena: Shanghaiko jestua, The Shanghai Gesture. Ondo izan aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.