Kontu jakina da, gaur hasiko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen atarian, omendu egin zuten Unibertsoa salbatzen zuten bitartean edo salbatzeko heinean zirela Dragoi Bola-ko Son Goku eta beste guztiei euskaraz aritzen irakatsi zien super jendaia. Hor izan ziren Donostiako Antzoki Zaharrean Goku, Goham, Bulma, Feezer pertsonaiei ahotsa utzi zieten bikoiztaileak. Gehi bikoizketaren zuzendari jardun zuen Xabier Amuriza. Mukuru saloia, duela 35 urte anime unibertsoan lehenbizikoz eta harridura osoz sartu ziren zale peto-petoek gainezka egin zuten antzokia.
Hiru hamarkada eta erdi pasatu dira. Edadetuagoak gara denok. Superheroiak ez. Superheroiak ez dira, ez, sekula zahartzen.
Mundiala izan zen hasiera hura. Garai hartako gazteek ez zuten animearen berri handirik. Zaharragook, ordea, Heidi eta Marco genituen ikusita. Jakin gabe Miyazake handia sortzailea zenik. Jakin izan bagenu ere, bost. Urteak joan marrazkiak etorri, bere izena entzuterakoan zutik edo belauniko jarriko ginela, nork asmatuko orduan?
Sekulakoa izan zen haur horiek animearekin izan zuten estreinako aldi hura. Euskaraz! Dena zen arraroa gure begi eta belarrietarako, marrazkiak, erritmoa, kontakizunak. Oso ezberdinak ziren orduantxe gutxi batzuek ezaguturiko beste superheroiak: Superman, Batman, Spiderman eta antzekoak. Horiek, alta, ez ziren euskaraz aritzen. Inolaz ere.
Son Gokuk, Gohamek, Bulmak, Freezerrek ez zuten gure hazpegia, ez zituzten gure mugimenduak. Ezberdina zen euren janzkera, baina euskaraz aritzen zen. Dena zen estrainioa, bai. Baina marrazkien erritmoak harrapaturik, primeran ulertu zuen gazteria hark Dragoi Bola-tik infinitura joaterik bazela. Hain zuzen ere, horixe da Astearen erakusketa baten izenburua. Omendu egiten da bertan zendu berri den Aikira Toriyama mangaka, Son Goku marraztu zuen maisu lehena.
Omendu dugu, dagoeneko, Dragoi Bola. Omentzen jarraituko dugu hildako eta santu guztiak gurera etorri eta alde egingo duten bitartean. Denok gaude pozik. 35 urte hauek ez baitira alferrik pasatu. Menderatzen ditugu egun animearen estiloak. Estreinatzen dira sarri-sarri animeak gure etxe ondoko areto korrienteetan. Badugu, esaterako, My Hero Academy-ren notiziya zehatza. Aspalditik Totoro da gure auzo, eta gaur zortzi gure neska arraunlariak omenduko ditugu Give it All filmaren bidez. Kontatzen da bertan Japoniako neskatila batzuen esfortzua arraunean aritzeko. Anime moduan, jakina.
Ikusten? Bageunden ba, bagenuen susmoa, Dragoi bola-tik infinitura iritsiko ginateke. Eta bidean gaude. Eta Iparraldean ikusgai izan den Anzu, katu mamua-ren estreinaldia izango dugu bihar Viktoria Eugenia antzokian. Anzu, Cannes, Sitges eta Annecyko zinemaldiak korritu dituen filma. Bertan, katu hilezin batek neskato umezurtza lagunduko du infernuraino amaren bila...
35 urte zaharragoak, 35 urte zoriontsuagoak. Denok poz-pozean. Denok??? Ziur al gaude? Ez horixe!!! Bada mukizu bat amorru bizian dagoena. Superheroi kapaz jantzita etorri zaigu kexati eta balent. Beldurrezko Astearen katalogoak iragarkientzako gorde duen eremuan orrialde oso bat okupatu du, berarentzako laudorioak erreklamatuz. Txikia da. Praka motzetan dabil oraindik. Horia du kamiseta eta hauxe dugu orain dela hamarkada dezente kantatzen genuen ereserki berea:
«Bat, bi, hiru, lau!
Shinnosuke da mutiko
alai-alaia bihurri
eta azkarra,
ez da geldirik egoten
ez zaitu uzten bakean.
SHINNOSUKE!
Maitasun kontuetan
argia naiz benetan,
neska gazte guztiak
nik ditut atseginak.
Zatoz, txiki, zatoz nirekin,
ez dut piperra atsegin.
Begira zer tronpa, elefante tronpa
TROnPA! TROnPA!
Mutiko bihurria, Sin-Chan!!!
Inbidiaz da gainezka. Jeloskor. Nik ere nahi dut, dio. Nahi ditut Son Gokuk jaso dituen alabantza bertsuak, dio. Ni ere anime izakia naiz. Ni ere aritu naiz luze zuekin euskaraz, dio. Aspalditik. Ez dago eskubiderik, dio. Ni orain Hegoaldeko hamaika aretotako pantailetan nago. Oraingo Shin Jigen! Crayon Shin-chan The Movie Chōnōryoku Dai Kessen: Tobetobe Temakizushi honetan teknologia berriak sortu nau; lapitzaz zirriborratu naute nire azken pelikulan, baina ordenagailuak eman dit erritmoa. Nik ere nahi dut. Nik ere euskaraz ikasi nuen, dio. Zergatik egin diozue horrenbeste kasu Dragoi Bola-ri? Nik ere bolak baditut. Bueno, egia esan (dio), galdu egin nituen, baina hor nabil, Makusi plataforman, Bola Galduen Bila pelikulan. Euskaraz, jakina...
Nik, zuek banintz, maite-maite egingo nioke ganberro horri. Temoso, jeloskor, haserre dagoenean, planeta osoa azpikoz gora jartzeko kapaza da. Galdetu bestela ama gaixoari. Edo bere animeetan baieztatu.