Pazko asteko opor egunak baliatu ditut aspalditik begiz joak nituen toki batzuk bisitatzeko. Ez daude modako ibilbide turistikoetan, eta, horregatik, lasaiak izaten dira. Horietako bat Kataluniako Arenys de Mar da. Maresme eskualdeko kostako herri koskor xamarrean ez dago turistak erakartzeko ezer berezirik, baina, artearen ikuspuntutik begiratuta, badago jakin-mina pizteko moduko proiektu interesgarri bat. Hain zuzen, herriko kanposantuan Salvador Espriu poeta katalanaren hilobia dago, ezin zitekeen besterik izan, haren lanik ospetsuenetako bat El cementeri de Sinera izeneko poema liburua izanda. Sinera sarritan erabili zuen Espriuk Arenys herriari omen egiteko, herriaren izena atzekoz aurrera irakurria Sinera baita.
60ko hamarkadan Espriuk El Llibre de Sinera poema liburua argitaratu zuen, eta handik gutxira Raimon musikariak liburuan oinarritutako Cançons de la roda del temps diskoa argitaratu zuen, Joan Mirok pintatutako azalarekin, bide batez. Raimonen kontzertu batean ezagutu omen zituen Madola (Maria Angels Domingo Laplana) artistak Espriuren hitzak; ordutik, testuei bueltak ematen omen dabil. Aipatutako azken liburu horrek 40 poema jasotzen ditu, eta zeramikaz egindako eskulturetara eraman ditu Espriuren hitzak Arenyseko kanposantuan kokatzeko, idazlearen jaiotzaren 100. urteurrena oroitzeko 2013an. Beraz, ibilbide artistiko ederra egiteko aukera eskaintzen digu Mediterraneo itsas aurrean dagoen mendi muino gaineko hilerriak.
Ez da ohikoa 40 eskultura publikoz osatutako multzo bat topatzea, ezta hiri handietan ere, eta are gutxiago isiltasunez eta bakez betetako kanposantua bezalako toki batean. Espriuren poemetan lurrari, herriari eta heriotzari buruzko hausnarketa egiten denez, hilerria ez da uste bezain txarra arteari tokia egiteko. Bestalde, ia kanposantu guztiak izan dira artearen euskarri, batez ere eskulturarentzat, piramide, dolmen edo cromlechetatik hasi eta XX. mendeko hilobien eskulturaraino, artea heriotzari lotuta egon da historian zehar. Madolaren hilarriak harreman horren lekuko dira, eta aspaldiko ohiturekin bat egiten dute: oroimenaren aztarna izatea.
Iaz Kataluniako Generalitateak Artisautzaren sari nazionala eman zion Madolari. Poztu nintzen, 2024an artistak 80 urte bete zituelako, baina, beste alde batetik begiratuta, haserretu ere egin nintzen, artearen sari nazionala merezi zuelako. Artisautzari garrantzirik kendu gabe, Arenyseko hilerrian nenbilela horrelako eskultura proiekturik nekez topa genezakeela pentsatu nuen. Buztina lantzen duelako eman diote artisautza saria? Emakumea delako eman diote artisautza saria? Bi ezaugarriak elkartzen dituelako izango da? Pentsaezina izango litzateke Txillidari artisautzaren saria ematea, nahiz eta 1980an Lurrak izeneko buztinezko eskultura multzoa Parisen erakutsi.