jokin azpiazu
Lauhazka

'Sold out'

2024ko martxoaren 24a
05:10
Entzun

Lagun batek proposatu du gertuko gaztetxe batera joatea kontzertura. Taldea nahikoa famatua da, eta ez da izaten aukera askorik leku txikietan ikusi ahal izateko, festibal erraldoietara joan gabe. Sarrerak erosteko antolatu gara, eta txartelen bila joan ere bai. Ezinezkoa izan da, hamar minutu barru sarrerak agortu dira, sold out. Aurrekoan gauza bera gertatu omen zen beste talde batekin eta beste herri batean. Lagunetako bat purrustadaka, gaztetxe batera kontzertu bat ikustera joatea hiru aste lehenago planifikatu beharra apur bat estresagarria iruditzen zaiola.

Duela aste batzuk, nire bizitzan lehen aldiz, sold out egin zuen nik jotzen dudan talde batek. Aretoan kabitzen ziren adina sarrera saldu, eta gainontzekoei esan behar izan genien ezingo zirela etorri. Sarreradun guztiak ez ziren agertu, ordea, eta, azkenean, areto erdi hutsean (edo erdi betean, mindfullness-aren estiloan esanda) jo genuen. Handik aste batzuetara, berriz gertatu zen kontu berdintsua, beste leku batean.

Pablo Garneloren sold out-aren kulturari buruzko artikulua irakurri dut. Pandemia garaian sortutako joera bat dela, esklusibotasuna eta kontsumo azkarra nahasten dituen joera. Gero eta produktu kultural (musikal) eskasagoak kontsumitzen ditugula zioen, gero eta forma azkarrago eta despertsonalizatuagoan, baina, aldi berean, merkatuak guri produktu horiek saltzeko erabiltzen duen teknika esklusibotasunarena dela, kontsumoaren bidez bakar eta berezi sentiaraztea. Hori lortzeko modurik onena, sold out-a: nik kontzertua ikusiko dut, eta besteek ezingo dute.

Ez dut uste joera hori pandemiarekin sortu denik, akaso orduan oso ikusgarri bilakatu zen, kalitate eta interes oso eztabaidagarriko musikariak kontzertu esklusiboak eskaintzen ari ziren une gogoangarri hartan. Baina, tira, ez da horren garrantzitsua fenomeno hori berria ote den edo lehenagotik datorren ebaztea.

Aldiz, kapitalismoaren kulturak aztertzeaz gain kulturaren oinarri materialei ere erreparatzea garrantzitsua izan daiteke. Kapitalismoak sortutako ohitura, erritual eta egoteko moduak kritikatzeko gaitasuna badugu, eta gero eta musikari gehiagori entzuten dizkiegu halakoak: sistemak azkar biziarazten gaituela, kultura guztia kontsumo moduen arabera ulertarazten digula... Eta egia da, baina nondik demontre dator hori? Galdera hori ez badugu paratzen, inork esan lezake kapitalismoa ohitura kontua dela, eta kontzientzia eta ohiturak aldatuz eralda dezakegula. Susmoa dut ezetz.

Eraso talderen kontzertua, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. GORKA RUBIO / FOKU
Eraso talderen kontzertua, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. GORKA RUBIO / FOKU

Garneloren artikulua manager, musika enpresa handi eta areto komertzial-mafiosoez ari da, alegia, musika komertzialaz. Aitzitik, artikulu hasieran aipatu ditudanak, gaztetxe eta gune herrikoietan gertatutakoak dira, baina bada konexiorik.

Azken urteotan, musika merkatuak bi alternatiba posible soilik eskaintzen dituela ohartu dira musika taldeak: erabateko profesionalizazioa, bere zirkuko uztai eta guzti, zeinetan musikariak lehoi saltariak besterik ez diren, edo, horrek funtzionatzen ez badu, erabateko amateurtasuna, Euskadin rock-and-rollak ez duela inoiz dirurik emanen gozamenez edo frustrazioz onartzea. Jon Urzelaik zein Nando Cruzek aztertu duten festibalen kulturak langa gero eta altuago jartzen die musika taldeei: edo zure proposamenak milaka pertsonaren aurrean funtzionatzen du, edo pozik egon zaitezke 30 lagun badatoz kontzertura. Urtero Euskal Kulturaren Behatokiak jasotzen dituen datuak ere, prekarioak eta osatu gabeak izan arren, argigarriak dira: kontzertuak antolatzen dituzten enpresen kopurua gero eta txikiagoa da, eta kapital kontzentrazioa gero eta handiagoa (eta diru laguntzena, galdetu bestela BBK Liveko esklabistei).

Talde askok zirkuitu ertainerako sarbidea galdu dute, taberna edo gaztetxe bat bezain txikia izan gabe kiroldegia edo jaialdia bezain handia ez den leku horretan jotzekoa.

Testuinguru horretan, talde askok zirkuitu ertainerako sarbidea galdu dute, taberna edo gaztetxe bat bezain txikia izan gabe kiroldegia edo jaialdia bezain handia ez den leku horretan jotzekoa, jendea kalean utzi gabe oraindik ere publikoaren gertutasuna sentitzekoa. Eta hori musika jendaurrean jo duten gehienek badakite: oso puztua behar duzu egoa jende asko baina urrun dagoen leku batean gehiago disfrutatzeko, jende gutxi baina gertu dagoen beste batean baino. Gertutasun egarriak bultzatuta, talde handi xamarrek leku txikietan jo nahi dute maiz, eta leku txikietakoak poztu egiten gara, aukera ona delako eta pozgarria delako taldeok gertukoak, konprometituak eta etxerako modukoak direla ikustea. Eta, hala ere, esan beharko dugu: musika merkatutik etekinik handienak ateratzen dituztenek nahi ez dituzten erabakiak hartzera bultzatzen dituzte taldeak, esaterako festibaletan nahiko luketen baino gehiago jotzera, eta taldeek baldintza horiek onartzera. Merkatuaren baldintzek okertutako balantza konpentsatu nahian, taldeoi leku txikietan jotzeko aukera eman nahi diegu, eta jendeari haiek halako baldintzetan ikustekoa. Baina, konturatu gabe, esklusibotasunean oinarritutako underground kultura elikatzen amaitu dezakegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.