Inigo Astiz
DENA ETA EZTENA

Tapatu behar liratekeen koadroak

2015eko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sinetsita nago noizean behin Meninak [koadroa] tapatu behar genukeela». Ikonoklasta batenak dirudite hitzok bere hartan utzita, baina planoa zabaldu eta Miguel Zugaza Prado museoko zuzendariarenak direla ohartuko gara. Meninak koadroa hartzen duen museoko zuzendariarenak, alegia. «Zer gertatzen da Louvren? Gioconda ikusteko erromesaldiak beste obrak gutxiesten dituela. Nahiago dut kalitatezko obra asko ukan ikono bihurtutako maisulan bakarra baino. Maisulan horrek (...) erabateko itzala egiten die ingurukoei (...). Sinetsita nago noizean behin Meninak tapatu behar genukeela jendeak gainerako obrak gehiago preziatu ditzan». [Argia, 2015-03-08]. Labur: ikusgarriak direla ikonoak, baina itzal ere egiten dutela.

Aitak esaten zuenez, luze joaten zen bi artzainen arteko eztabaida Etxalekuko ostatuan. Ados afaria jokatzeari buruz biak, baina apustuaren baldintzek zekarten sesioa. «Afaria, ardirik onena duenarentzat», herriko ardirik onenaren jabeak. «Afaria, artalderik onenarentzat», herriko artalderik onena zuenak. Eta hala herriko klasiko bihurtu arte. Baina Zugazak dioenez, artalderik gabe alferrik ardia, eta ardirik gabe ere zail artaldea ikusaraztea.

80ko hamarkadan Euskal Herritik Londresera jo eta orain bueltatu den Miren Arenzana artistak egin zidan deskribapena orain egun batzuk. Zuri-beltzekoa lehenik: «Artista gutxi batzuk zeuden, erdi kontsakratuak, eta gazteoi egiteko gutxi uzten zigun horrek». Eta koloretakoa ondoren: «Belaunaldi askok osatzen dute sarea orain, eta, badago, ez dut esango elkartasun bat, baina bai harreman handia».

Guggenheimen itzaletan badela ardi eta artalderik, alegia. Galdera da ea ikusten ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.