Artea. Begiz

Telebista

Ismael Manterola
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Onartu behar dut telebista gutxi ikusten dudala. Lanaren ondorioz burua oso nekatuta daukadanean besterik ez dut pizten, ezer pentsatu beharrik gabe deskonektatzeko. Telebista droga moduan edo film interesgarriak ikusteko besterik ez dut erabiltzen.

Hala ere, tarteka, badago interesa pizten duen zerbait, adibidez Euskal Telebistako Orain programa. Dokumental labur sorta ederra eskaintzen digu telebistak eta gero Internetek Euskal Herrian sortzen denari buruz. Musika, arte plastikoak, publizitatea, arkitektura, kultur sustapena, diziplina arteko ekimenak ezagutzeko aukera ematen digu Orain-eko taldeak.

Telebistarako egindako programak izan arren, Interneten ikusten ditudala onartu behar dut, ez baitut jarraitzen telebistako programazioa eta zaila egiten zait, ordu erdi eskas irauten duen programa ikusteko neure burua programatzea. Beraz, gaur egun errazago da interesatzen zaiguna Interneten bidez ikustea, sarea norberaren gustuko menu antzeko zerbait izan daitekeelako. Erosotasun horrek tokia kendu dio telebista tradizionalari; astia daukagunean telebistan botatzen dena ikusi beharrean, Internetek nahi duguna ikusteko aukera eskaintzen digu.

Sarritan telebista, eta batez ere Euskal Telebista, hezitzailea izan behar duela pentsatzen dugu, horregatik kulturari arreta berezia eskaini behar diola esaten da. Euskaraz dugun kate bakarrak ez omen du betetzen guk nahi dugun kultur rola. Baina, agian onartu behar dugu telebista entretenigarria hutsa dela, ez diogula gehiago eskatu behar, droga bigun edo gogor modura irentsi behar dugula gure eguneroko tentsioak eta arazoak ahazteko, alegia. Pentsatzeko, hausnartzeko, ezagutzeko, ikasteko, beste baliabide batzuk erabili behar ditugula onartuko bagenu, ez al ginateke hain intelektual eta kritiko azalduko?

Orain dela gutxi telebistan bertan telebistaren gaineko eztabaida antolatu zen, merezi dugun telebista daukagun jakiteko edo alderantziz, jendea tontotzeko telebistak errentagarritasun politikoa ote duen. Ez dakit zein izan zen eztabaidaren ondorioa, baina ez nuke indar gehiegi jarriko telebistaren rolaren gaineko eztabaidan. Orain programa bezalako interferentziak egiten jarraitu eta beste komunikabide motetan sakontzea proposatuko nuke. Futbolak, pilotak, Goenkale eta marrazki bizidunak ikus-entzuleen onarpena dute alkohola eta legez kanpoko beste drogak garestiagoak eta kaltegarriagoak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.