Donostiako Tabakalera zentroan Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren lanekin antolatutako erakusketa ikus dezakegu. Bilboko museoan eraikuntza lanak egin bitartean bertako bildumako hainbat artelan beste toki batzuetara eramatea ideia ona da, ohikoa izaten den bezala berrikuntza jasan duten munduko museoen artean.
Samuel Beckett idazle irlandarraren That Time izenburua duen lana hartu dute ardatz moduan erakusketa egituratzeko. Beste edozein izan zitekeen, erakusketaren interesa ez baitatza diskurtsoan, lanen kalitatean baizik.
Badirudi Tabakaleran gehien ikusitako erakusketa dela edo hala ulertu nuen nik behintzat, eta, hala ez bada, gehien bisitatuetako bat izango da. Poza eta pena hartu nuen hau entzun nionean bertako zaintzaile bati. Poza, jende askok erakusketa gozatzeko aukera izan duelako, eta, pena, bilduma historikoaren bidez osatutako erakusketa delako arte garaikidera bideratutako zentro batean gehien ikusitakoa.
Azken atsekabe txiki horrek aukera eman zidan Donostiaren eta arte garaikidearen arteko harremanetan hausnartzeko. Askotan, Tabakaleraren eraikuntzarekin amets bat bizi nahi izan genuela iruditzen zait: hau da, Donostia uste baino modernoagoa eta kosmopolitagoa zela, eta, aldiz, benetan uste baino kontserbadoreagoa dela. Tabakalera bezalako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa proiektu handinahiegia ez ote zen pentsatzera narama. Edukiontzia bai, programazioa ere bai, baina hiriaren erantzuna ez ote den hotz xamarra izan.
Askotan gogoratzen dut Koldo Mitxelena Kulturuneak kultura jendearengana hurbiltzeko egindako lana. Xumea, asmo handirik gabekoa, hiri txiki baten neurrikoa, eta jendearengandik hurbil zegoen langilez hornituta. KMK-ko erakusketa aretoek jende asko erakartzen zuten, eta bertako langileek izugarrizko lana egin zuten, alderdi pedagogiko batetik, garai hartan egiten zen artea jendeak uler zezan. Erakusketa haiek beste modu batekoak ziren, beste garai batekoak, baina ikus-entzuleak zaletzeko asmoarekin egindakoak zirela iruditzen zait. Egongo ziren eta egon ziren kritika ugari ere, baina pixkanaka toki bat egin zuen Donostiako kulturazaleen ibilbideetan.
Baliteke gaur egun dibulgazioari ematen zaion garrantzi eskasa izatea porrot horren arrazoietako bat. Ez dakit zergatik, eta irudipenetan oinarritutako iritziak badira ere, arte garaikidearen azalpenak eta normalizazio ahaleginak ez daude gure zentro askoren egitarauetan. Onartu behar dut ez dakidala zer egin daitekeen artea jendearengana hurbiltzeko, baina aurreko garaietako artea biltzen duen erakusketa izatea donostiarrek gehien ikusitakoa —nahiz eta diskurtso ulertezin xamar baten azpian ezkutatu—, ez da sintoma oso lasaigarria arte garaikidea maite dugunontzat.
BEGIZ
'That Time'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu