Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Tolosako Inauterietako txosnak

2024ko otsailaren 18a
05:05
Entzun

Inauterietako igandean, Tolosako txosnetan jo nuen. Proposamena iritsi zitzaidanean, beldurrez, baina batez ere ilusio handiz hartu nuen, testuinguru horretan jotzeko nigan pentsatu zutelako. Verde Prato ez delako espazio horietan jotzen den musika motan sartzen hasiera batean. Orain arte, taldeak ikusi izan ditugu festa-testuinguruetan, gehienetan gizonenak, musika mugitua, rocka, hardcorea, punka, neo-postpunka, berbena, trapa eta abar joz. Ni, hasteko, neska bat naiz, ni bakarrik ateratzen naiz agertokira, eta egiten dudan musika, berez, delikatuagoa izan daiteke, isiltasun momentuak eskatu ditzake, zaurgarritasuna eta indarra, bi elementuak erakusten dira, eta baita erritmo lasaiak eta dantzagarriak ere, biak. Hori guztia txosnetan programatzea arriskatua da, erradikala. Eta asko eskertu dut, ederra izan delako, nire herrian, hainbeste maite dugun festa horretan, espazio hori hartzea. Garaien aldaketa batzuetan ebidentea da.

Gogoratzen naiz, orain dela urte oso gutxi, Bilboko Izar Beltz ateneoan ekintzetan eta asanbladetan parte hartzen nuela, eta behin New Yorkeko hardcore eszenako neska talde bat etorri zela. Bertan, neskez osatutako —nik ordura arte inoiz ikusi ez nuen— pogo bat sortu zen. Neska pilo bat geunden elkarri bultzaka, baina dantza kolektibo moduko bat eraikiz, non adibidez ni bezalako pertsona batek lekua zuen, ezer apurtzeko beldurrik gabe. Normalean, ni ez nintzelako pogoetara sartzen, beti kolpe onak jasotzen nituelako, adiskide mutilengandik sortzen zen giroa indarkeriarekin kutsatua egoten zelako.
 
Kontzertu hori eta gero, asanbladan ekintza iraultzaileen inguruan eztabaida bat gertatu zen, manifestazio eta protesta batzuen inguruan. Nik komentatu nuen neska hauen kontzertuan gertatutakoa oso berezia iruditu zitzaidala, eta hori posible egitea zerbait iraultzailea zela, eta oso ondo oroitzen dut nola nitaz barre egin zuten, eta lotsatu egin nintzen.

Orain, ordea, iraultza egiten dela ikusten dut, pixkanaka, genero askotarikoak eta baita sentsibilitate askotarikoak daudelako, geroz eta gehiago, guztiona den festan eta gauean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.