ANALISIA

Transzendentziarako bide xeheak

2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Luze idatzi da klasikoek barrenak astintzeko duten indarraz, eta Musika Hamabostaldiak urtez urte horretarako aukera eta espazio paregabeak eskaintzen dituela aipatu nuen aurtengo edizioaren bezperatan analisia egin nuenean. Hilabete osoan zehar, programazio orokorrak, eta bereziki Kursaal auditoriumekoak, kutsu oso klasikoa hartu du; Mozart, Beeethoven edo Schubert izenak maiz irakurri ditugu esku-programetan. Publiko kontserbadorearen beharrak asetzeko neurrira egindako jaialdia, baita klasikoen berpizkundearekin gozatzen dutenentzat. Ez da harritzekoa, hortaz, Kursaalak sarrerak guztiz agortu izana elementu ezagunenak biltzen zituzten kontzertuetan: Beethovenen 9. sinfonia, Txaikovskiren Beltxargen aintzira, Mahlerren 8. sinfonia eta Anne-Sophie Mutter bere birtuoso taldearekin.

Eskaintzari dagokionez, uste dut egon dela edizio distiratsuagorik, kontuan hartuz, gainera, forman eta edukian aurtengo hitzordurik handiena izango zena, eszenatokian 400 musikari bilduko zituena, deskalabru musikala izan zela. Baina horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, kontzertu apartak egon ez direnik. Horien artean badira elementu nabarmenak eta nabarmentzekoak: Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoaren trinkotasuna, Sokoloven fintasunak eragindako trantzea, Edipo Erregearen hieratismo tragikoa bere itzal eta argiekin, Mutter eta bere birtuosoen doitasuna edota Omer Meir Wellberren kemena Bremengo orkestra zuzentzen. Eta, bestetik, egia da Kursaaletik kanpo, Hamabostaldiak abuztu osoan zehar hartzen dituen hainbat espaziotan berariazko programak eskaini direla, osaera txikiagoetan; bertan atsegin handiz hartu dira, esaterako, Carlos Mena eta Daniel Zapicoren interpretazio-garbitasuna, Usurbilgo organoaren historiaren inguruan sortu zen hitz eta musika gurutzaketa, baita Euskal Barrokensemblek zabaldutako mestizaje musikala, askatasuna eta sakontasuna ere.

Pentsatzeko astia ere izan dudanez, konturatu naiz horiek guztiek zerbait komuna dutela: xehetasun txikienen zaintza eta arreta, hor gordetzen baitira edertasuna eta bikaintasuna. Baina xehetasun horiek guztiak modu askean zabaldu eta kontzientzia osoz hauteman ahal izateko, baldintza bat bete behar da, bai besaulkian eserita dagoen pertsonarengan, bai musikariarengan: norbera ez dena entzuteko gogoa, jarrera eta gaitasuna eduki behar dira. Bakana izaten da, baina hori gertatzen denean banakotasun zurruna desegin eta beste zerbaiten zerbitzura jartzen da, guztiz beharrezkoa ezer komuna eraikitzeko bidean jar gaitezen. Hala, urteen poderioz, ikasi eta askotan bizi izan dut musikak, batez ere klasikoak, etengabe ematen duela aukera gizabanakoaren esperientzia gainditzeko; hori profitatzen denean, transzendentziatik oso gertu dagoen sentsazioa sortzen da aise. Irakasle trebea izan da Hamabostaldia prozesu horretan.

Datorren edizioari begira, eta zerbait gehitzearren, bi gauza eskatuko nituzke: jaialdiaren zein taldeen zuzendari artistikoei, programazioak osatzeko ausardia handiagoa; publikoari, entzuteko jarrera prestua eta eskuzabala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.