Ismael Manterola
Begiz

Txaranga Urretabizkaia

2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Donostiako Tabakaleraren ekimenik interesgarrienetako bat soinu-arteari eskaintzen diotena da. Aspaldi abiatu zuten Scala izeneko programa, soinuari eskainitako arte garaikideko proposamenak entzungai jartzeko goiko solairura daraman eskailera nagusian. Orokorrean jendeari arrotza iruditzen bazaio ere, ez dago aukera handirik gure artean soinu-arteari tartea egiteko, eta, horregatik, aipatzeko modukoa iruditzen zait.

Sarritan entzumenetik iristen zaigun arteari musika deitzen diogu, baina musikaz harago badaude zentzuak kitzikatzeko gai diren beste aukera batzuk ere, soinuarena oso fenomeno zabala delako. Gainera, gure gizarteak aspalditik musika entretenimenduarekin lotu duenez, kontsumo eremura pasatu da. Nik uste dut musikak eta zinemak badituztela antzeko ezaugarriak, industria oso indartsua garatu dutelako eta gizarteak modu komertzialean onartu dituelako. Baina, aldi berean, beti dago artetik zerbait, eta tarteko produktu asko daude, arte esparru guztietan bezala.

Hala ere, musikaz kanpo geratzen den soinuaren mundua ez da hain ondo ulertzen, eta esperimentazioaren esparrura mugatzen da behin baino gehiagotan. Musika klasiko garaikideak ere bide hori aukeratu zuenetik, jendearen ulertezintasunarekin topo egin zuen, eta, gaur egun, ez da egoera gehiegi aldatu. Gauza bera gertatzen da arte garaikidearen esparruaren barruan kokatu ditzakegun soinu-artearen proposamenekin. Sarritan teknologia berriekin, performancearekin, inprobisazioarekin edo happeningarekin lotu izan den aukeraz betetako soinuaren espazio honek zailtasun izugarriei egin behar izan die aurre, bai erakusteko arazoak ematen dituelako, bai artearen sistema beraren mugak puskatzen dituelako.

Euskal Herrian asko izan dira soinuarekin lan egin duten artistak, baina azken urtean Txaranga Urretabizkaiak bere baitan bildu ditu soinu-artean hain ohikoak ez ziren ezaugarriak. Alde batetik, txaranga izenak berak, ohikoak diren arte esparruko bideak hausten ditu, eta instrumentu oso zehatzetan arreta jartzen du. Bestalde, alde performatiboari garrantzi handia eman dio beti; hau da, musika momentu eta toki zehatz batean gertatzen da, eta, nahiz eta partiturak ere erabili, inprobisaziorako tarte zabala uzten dute. Azkenik, gorputzaren erabilpenak eta espazioaren okupazioak garrantzi berezia dauka emanaldietan, edozein performancetan ohikoa den modura. Horregatik, interesgarria iruditu zait Tabakalerako Scala delakoan taldearen proposamena, asmatu dutelako moldatzen ohikoa duten proposamen ausarta beraientzat ohikoa ez den formatu batera. Txaranga ezagutu dugunontzat, hutsune bat sumatuko dugu Tabakalerako eskaileren noten artean, taldearen bultzatzaile izan zen Fito Ramirez-Escuderorena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.