Zenbatetan gertatu da oporraldia patxadaz prestatu, eta eguraldiak hasierako planak zapuztea? Mediterraneoko tanta hotza, Pirinioetako ziertzoa, Atlantikoko lainoa... Horixe bera gertatu zitzaien 1816ko udaran Suitza aukeratu zutenei oporleku. Napoleonen gizonak erretiraturik, ingelesez betetzen hasi zen berriz ere Suitza, eta, zehatzago, Genevako lakua. Alabaina, urte hartan Indonesiako sumendi batek eztanda egin eta mundu osoko tenperatura jaitsarazi zuen, eta ohi baino eurite gehiago sortu Europan: «Udara gabeko urtea» izendatu zuten.
Orduan ez zen cancelación gratuita existitzen, ez eta méteo.com ere. Aurreikusi gabeko eguraldi txarragatik ere, zuzen-zuzen joan ziren Lord Byron eta Ingalaterrako beste sir eta lady mordoa atseden bila Suitzara. Ekainaren 10etik azaroaren 1era bitarte Diodati etxean bizi izan zen Byron, gainerako hoteletatik urruti, bere medikuarekin, txakurrarekin, tximinoarekin eta paumarekin batera. Ekipaje kurioso horri belaontzi bat ere batu behar zaio: hain zuzen, hura izan zen Genevako lakuan aisialdi arrazoiengatik nabigatu zuen lehen belaontziaren jabea.
Diodati etxetik ez oso urruti, Percey eta Mary Shelley idazleak eta azken horren ahizpaordeak, Claire Clairmontek, etxetxo bat alokatu zuten, gainerako turistengandik iheska hauek ere. Eguraldia ezin makurragoa zenez, ordu asko igaro zituzten Diodati etxean, irakurtzen, mintzatzen, idazten. Haietako arrats aspertu batean sortu zen Frankenstein-en lehen kimua, hain zuzen.
Indonesiakoak ez, baina Islandiako sumendi batek, Eyjafjajjajokull-ek, eztanda egin zuen 2010ean. Ez dakit gogoratuko duzun, irakurle, baina Europako hegazkinen joan-etorriak hutseratu zituen sumendi horren laino beltzak. Orduan, institutuarekin Italian nintzen ni, elkartruke batean. Hegazkina ezin hartu, bizpahiru egun gehiago igaro genituen Bolonian. Esperoan egoteko leku polita (bueno, eskolara ez joateko edozein txoko da polit). Azkenean, Sevillara bueltan zihoan autobus huts batean sartu gintuzten eta ordu mordo baten ostean iritsi ginen Iruñera.
«Espero ez duzun eguraldia, istripu txikiak, gurdiak eta autobusak orain arteko pasadizoetako ezusteak. Horiek guztiek amankomunean dutena zera da: espero ez duzuna ekartzen dizutela, eta batez ere, esperoan jartzen zaituztela. Zain. Protagonistak denbora eta lekuetan zintzilik-edo»
Boloniatik Iruñera iristeko (1.000 kilometro inguru) 24 ordu baino gutxiago behar izan genituen. Goethek, aldiz, 200 urte lehenago, 25 egun behar izan zituen Weimarretik Veneziara iristeko (800 kilometro inguru). 1788an egindako bidaia hori liburu batean jaso zuen, eta kontatzen du Alemania eta Italia banatzen dituen Brenneroko pasabidean gurdiari gurpila matxuratu zitzaiola. Muga horretan itxarotea egokitu zitzaion eta, nolabait, beste ibiltzeko manera baten seinaletzat hartu izan zuen istripu hura. Atzean uzten zituela hotza eta zurruntasuna, eta epelean sartzeak beste erritmo batean bizitzea ekarriko ziola.
Erika Martinez poetak dio ez duela lantegi berezirik behar poesia sortzeko. Aski zaiola edozein momentu, baina batez ere autobusetan idazten duela. Edo autobusa hartzeko zain dagoenean.
Espero ez duzun eguraldia, istripu txikiak, gurdiak eta autobusak orain arteko pasadizoetako ezusteak. Horiek guztiek amankomunean dutena zera da: espero ez duzuna ekartzen dizutela, eta batez ere, esperoan jartzen zaituztela. Zain. Protagonistak denbora eta lekuetan zintzilik-edo. Aita santu beltzaren kontuak apokalipsia boladan jarri duen honetan, nahi gabe jarri naiz neu ere apokaliptika, eta are erromantika eta nostalgika ere, zeren eta orain, eguraldi onaren atzetik joatea inoiz baino errazago denean, zein idazlek nahiago izanen du kuarto iluna hondartzako epela baino? Zein musikariri bururatuko zaio «tarara-tarari» doinu hori AHTaren abiaduran? Zein lagun talde bilduko da, Pirinioetako etxola galduren batean, Prometeo Postmodernoa imajinatzera?
Baina eskerrak Nostradamusek ez zuela kulturaz gehiegi profetizatu, eta lasai arnas dezakegula. Baretu zait beroaldi apokaliptikoa, erromantiko eta nostalgikoa. XIX. mendeko idazleek beraien ezlekuak eta ezdenborak erabiltzen zituzten idazteko. Gure garaian, baina, ezleku horiek askoz prosaikoagoak dira: autobusak dira ezleku horiek, eta dentistaren itxarongela, gimnasioak, Amarako autobus geltoki inexistentea, Blablacar-eko bidaiak, patinete elektrikoa matxuratu eta etxerako oinezko buelta, aparkaleku bila igarotako denbora. Ez da garai batean bezain erromantiko izango. Baina noski, XIX. mendeko eszenatoki horiek ez ziren, ba, haientzat, erromantiko izango, diot nik. Agian hemendik ehun urtera bukolikotzat joko dute supermerkatura joatea inspirazio fresko bila, eta azkazalak margotzeko denda horietara joanen dira ekintza nostalgiko gisa. Auskalo.
