Angel Aldarondo.
Zinema. Zin-zinez

Umezurtzak

2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zinemaldiaren abarrak jarraituz, misterio txiki bat neure buruan kokatu da: jaialdiko 150.000 ikusleak non arraio ezkutatzen dira urtean zehar? Badaude fenomenoa kritikatzen duten inozoak; niretzat, zeharo miresgarria da: den-dena galduta ez dagoela esan nahi du. Aurten, Gipuzkoan bakarrik, bi dozena areto itxiko dira. Ez nau gehiegi harritzen. Pirateriak, BEZaren igoerak, home-cinema-k, Montoro jaunak eta abarrek ikusleak aldendu dituzte. Baina, etsaiak beti al dira besteak?

Zinemaren magia, ametsen fabrika, fantasiazko mundu bat. Epiteto distiratsuak nonahi, klixeak beti eskuzabal zinemarekin. Izarren glamourraz liluratzeko, hilkor arruntok zinema aretoetan ilusioa bilatu behar dugu. Tamalez, hiperbole guztiak kiroldegi itxurazko multizinema inpertsonal zatar horien sarreran errauts bihurtzen dira.

Zinemara joateak ez du iraganeko xarmarik; herriko erdialdetik kanpoaldeko merkataritza guneetara eraman dituzte, eta nekez imajinatu daiteke Bershkaren aldameneko pospolo-kaxa batean ezer magikorik gertatzea. Sex-shop-erako banakako kabinek sozializatzeko gaitasuna erauzi dute, eta jada ez da ekintza irmo eta erakargarria. Hala, multiareto poligonero-en amaiera ailegatu al da? Akabo ikuslea ganadu gisa tratatzeari?

Miguel Delibesen hitzetan, kalekumeak beti izango dira umezurtzak, hazterakoan beren haurtzaroko erreferentziak desagertzen direlako. Zinema areto txikiak ere gorriak ikusten ari dira, baina baliteke etorkizuna hain beltza ez izatea. Donostiako Trueba aretoek adibidez, emanaldi bereziak proposatzen dituzte, zine-kluben antzera, solasaldi bitxiekin, zuzendaria askotan gonbidatuz. Baina, noiz arte iraungo dute? Errentagarria al da ikusleak hezteko asmo utopiko horretan aritzea? Snob eta elitistegia ez ote?

Nahiz eta ekitaldiak gaur anekdotikoak izan, poztekoa da zinema aretoen jabeek klinexak izerdi tantak sikatzeko erabiltzen ikustea, negar malkoen ordez. Horrela jarraituz gero, Delibesi kontra egingo genioke; eta azkenak argiak amatatu ditzala. Emanaldia hastear dago eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.