Ismael Manterola
Begiz

Unibertsitateari erasoa, arteari mespretxua

2024ko martxoaren 19a
05:05
Entzun

Berehala onartuko dute Espainiako Diputatuen Kongresuan Ikasketa Artistikoen gaineko legea. Lege horren bitartez, unibertsitatetik kanpo dauden arte ikasketak antolatzeko asmoa dago. Historiari begiratuta, arte plastikoen ikasketak unibertsitatean sartu ziren orain dela urte asko. Horretarako, baldintza zorrotzak eskatu zizkien garai hartako Arte Ederren eskolei. Unibertsitate ikasketetatik kanpo geratu ziren musika, antzerkia eta dantza, beste ikasketa sistemaren barruan zeudelako, batez ere musikarenak, kontserbatorioetan. Egia da egoera arraroa dela arte batzuk unibertsitatean egotea eta beste batzuk kanpo, baina egoera ezohikoa konpontzeko, beste behin ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak bide zailena aukeratu duela iruditzen zait.

Lege berriarekin, goi eskola guztiak —baita musika, antzerkia eta dantza erakusten dutenak ere— unibertsitate tituluekin parekatu nahi dituzte. Unibertsitate izan gabe, balio berbera izango dute, alegia. Erabaki horren atzean Espainiako Estatuak izan dituen bi mesfidantza historiko sumatzen ditut: bat, unibertsitatearen kontrako jarrera. Espainiako unibertsitate guztien elkarteak eta Unibertsitate eta Zientzia Ministerioak osatzen duten Unibertsitate Kontseiluak legearen kontrako txostena osatu zuen, baina Hezkuntza Ministerioak entzungor egin zion. Beraz, aipatutako legearekin unibertsitatearen alboan sistema paralelo arraro bat sortuko dute, eskubide guztiekin baina betebeharrik gabe; adibidez, kalitate irizpideak markatzen dituzten unibertsitate agentzien filtrotik pasatu gabe, edo unibertsitateko irakasleei eskatzen dizkiguten baldintzarik gabe.

Bigarrena Espainiak Lanbide Heziketaren gainean izan duen mespretxuarekin lotuta dagoela uste dut. Ikasketa artistikoen goi modulu bat egiteak zer du txarra? Zergatik iruditzen zaie unibertsitatearekin parekatu behar dela? Norbaitek ikasketa teknikoak egin nahi baditu, zergatik pentsa daiteke bigarren mailakoa dela? Musika instrumentu bat jotzen ikasi nahi duenak, zura landu nahi duenak edo ikus-entzunezko teknikari izan nahi duenak ez al du gizartearen onarpena merezi unibertsitatearekin parekatu gabe? Unibertsitatea jakintzaren esparrua da, ez teknika hutsarena. Ez da parekagarria.

Horren atzean gizartean arteari ematen zaion garrantzirik eza dagoela ematen du. Zergatik parekatuko dira goi mailako ikasketa artistikoak unibertsitatearekin, eta ez kirol ikasketak, ingeniaritza ikasketak edo osasun ikasketak? Norbaitek pentsa dezake mediku batek edo historialari batek lan egin dezakeela unibertsitate titulurik gabe? Badakit artista, historialaria edo medikua izan gaitezkeela unibertsitatean ikasi gabe, baina ez da gaur egun antolatu dugun sistema. Artearekin zergatik izango da hori posible?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.