Badakit zuetako gehienok zezenketak gorrotatzen dituzuela. Nik, ordea, zezenak bezainbeste maite eta miresten ditut. Badakit zuetako askorentzat hori esatea kontraesan handi, gorri eta galanta dela. Jakin ere badakit ni gorrotatzen hasita zaretela dagoeneko. Zer egingo diogu? Kontraesanez beteriko gizakia (edo) nauzue, eta gorrotatua izatea merezitako opari/zigorra dut.
Atariko hori jarri diot artikulu honi Hegoaldean eskura dugun Movistar plataformara eta Iparraldean modu errazean sartzea duzuen Premiere Max plataformara iritsi berri baita Albert Serraren Tardes de Soledad film sekulakoa. Egon zaitezte lasai. Badakit zuetako gehienok ez duzuela ikusiko. Penaz diot hori, uste dudalako teknologia aurreratuenak fin eta maisuki erabiliz, Serrak, argazki zuzendaria izateaz gain, muntaketa bikain eta markaz fuerakoan parte hartu duen Artur Tortek, gehi parekorik ez duen soinuaz arduratu diren 29 teknikari/artistek egun gure etxe barruko pantailetan entzun eta ikus daitekeen filmik sentsorialena lortu dutelako. Sentsoriala? Bai. Ados, ez bazarete bat etortzen hautatutako hitz horrekin, aukera ezazue zuek, Ibon Sarasolari jarraiki, antzekorik: bere hiztegian honako hau aurkitu dut nik zentzumena hitzaren inguruan: «Sentipen mota jakin bat hartako den organo baten bidez hartzeko ahalmena». Nik uste zezena totem jainkotarra bezala erakusten duen film honek guk ditugun bost? sei? zazpi? zentzumenak (guztiak) dantzan, atezuan, dardarizoan jartzen dituela, bizi eta gartu.
Pelikulari darion distirak itsutu egiten zaitu, pelikulak duen erotismo sekretuak kitzikatu egiten zaitu. Baditu umore puntu izugarriak, eta postprodukzioko balentriek (kolore aldetik, esaterako) Zinemak bakarrik egin ditzakeen mirariak dirudite.
Badakit ez duzuela ikusiko. Penaz diot. Penaz naiz ere jakin badakidalako zuetako gehienek Gunter Schwaigerren Arena (2009) ez duzuela dastatuko, nahiz eta Hegoaldean eskuratzeko modukoa den Filmin plataforman izan. Zezenak eta toreroak ditu film horrek ere protagonista. Tardes de soledad baino mila aldiz klasikoagoa, akademikoagoa da itxuraz eta hautu narratiboari dagokiolarik, baina zezenen, gizakion, heriotzaren eta bizitzaren inguruko liturgia diren zezenketak hainbeste maitatzen ditugunontzat bada zinema eta filosofia ariketa ederra. Vienako zinemaldian estreinatu zen aspaldian, eta zezenketen aurkako talde nazioarteko hamaika saiatu ziren emanaldiak oztopatzen.
Badakit ez duzuela ikusiko. Lastima. Badario tristura berezi bat. Herioaren presentzia nabarmena da bertan. Baditu hausnarketa sakonak patuaren ingurukoak. Eta esaldi ederrak. Autorea bada kontuan hartzeko dokumentalgilea. Zuen buruarekiko duzuen konpromisoari iruzur egin gabe, ikus ezazu Quién teme al pueblo de Hitler/ Wer hat Angst vor Braunau? Bastante mingarri/mindua deritzot nik.
Badakit ez dituzuela ez Tardes de Soledad ez Arena ikusiko. Ados, baina, arren, eskatzen dizuet Espainiako gerrak deserriturik, atzerrian hil zen Chaves Nogales kazetari primerakoak idatzitako Belmonte irakurtzeko (Hondarribian lurperaturik den Jose Bergamin ez zen batere zale; Joselitoren toreatzeko estiloa nahiago). Bada liburu kristona. Askotan lapurtzen dizkiot nik ideia eta hitz franko. Gaurko titularra, kasu. Belmonte toreroak esanda, zezena kapotean sartzen da urakan, eta haize gozo atera.
Barka kontraesana, zezenak miresten ditut. Zezenketak hainbeste.
