begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Usnaka berehala ezagutzen dugu elkar

2025eko maiatzaren 9a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur da bukatzekoa Bilboko Fant fantastikoa, Texasko sarraskia (The Texas Chain Saw Massacre) omendu duena. Onartzen badugu bilkura hauek amairik dutela (ez da kontu frogatua), bere amaierara etorriko da barrabaskerietan iaioa den Alice Loweren Timestalker burla delizios eta jainkogabearekin.

Hasiera izan zuen mundiala, Babak Anvariren 80 minutu irauten duen Hallow Road-ekin. Bertan, neska baten gurasoek kotxea hartzen dute alabak istripu bat izan duelako baso bateko errepidean. 80 minutu horietan ez gara kotxetik ateratzen, mugikorren bidez izaten diren elkarrizketak baino ez ditugu entzuten. Baita senar-emazteen arteko egia-faltsukeria batzuk ere. Alta, kamerak beste norabiderik hartzen ez badu ere, gero eta sakonagoa da sumatzen dugun pertsonaien zein gure ezinegona, gure beldurra, gure ez ulertze-gaizki ulertzeak. Bide batez, baliabide bera (bi gizaki kotxe batean sartuta) erabiltzen du Cristian Betetak hain ondo bideratua den bere Ángulo muerto-n. Hortxe ere, sakelako baten pantailak hartzen du kontakizunaren pisua.

Portzierto, euskal film laburrei eskainitako sailean Bilbon izan ziren hainbatek parte hartzen dute Gasteizen bihar bukatuko den ICOFF izeneko zinema merkatuan. Esaterako, Elixabete Nuñezen A-Maniki-k, non emakume edadetu bat itzalaldi batean geratzen baita azken teknologia saltzen duen denda bateko erakusleihoan. Izan dira beste makina bat labur Gasteizen. Batzuk Bilbotik pasatu direnak, beste batzuk Donostian izatearen plazera ezagutu dutenak: Tragedium, Ehiza, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu), Errotatiba...

Fantastikoa izan da Bilboko FANTastikoa, baina ez pentsa zinema aldetik soil-soilik izan denik egundokoa. Inolaz ere ez. Ilunpean aise eta airos ibiltzen garenok osatzen ditugun zeluloidezko elkarretaratzeetan, zinemaz harago suertatzen da lilura eta sortzen da komunitatea. Zuregana datorren horrek daraman kamisetari erreparatzea nahikoa da jakin ahal izateko gutako bat ote den. Gauzaleok ez baikara janzten eguzkia gurtzen dutenak bezala. Ezina dugu. Gure elastikoetan gizotsoak, banpiroak, zerra mekanikoak erabiltzeko dohaina duten munstroak, Addams familiaren senide guztiak eta beste inork, guk izan ezik, bihotzaren ondoan eramango ez zituen ikur, pin edo brotxeak agertzen dira.

FANTen entzun genuen moduan, guk, likantropoak, substantziak, mota anitzetako kutsadurak, klase anitzeko mendekotasunak eta fantastikotatik at debekua eta jendearen arbuioa jasoko luketen mendekuak gustuko ditugunok, gugandik darion kirats eztitsua usnaka, segituan ezagutzen dugu elkar. Guk baino beste inork ezin du onartu, kasurako, Daniel Alegreteren Una carroña (Haratustela, hots) proposamenaren edertasun, lurrina. Bertan, hil berri den mutil baten gorputzaren usteltze prozesua ikusi/usainduko dugu zuzenean. Are, burua oraindik du bizia, antza, eta bere gorpuaren aurrean familiakoek hartzen duten jokabidearen testigu bilakatzen da tragikomedia kirastsu honetan...

Bai, piztia guztiek nola, guk usnaka ezagutzen ditugu gure parekoak.

«Ilunpean aise eta airos ibiltzen garenok osatzen ditugun zeluloidezko elkarretaratzeetan, zinemaz harago suertatzen da lilura eta sortzen da komunitatea. Zuregana datorren horrek daraman kamisetari erreparatzea nahikoa da jakin ahal izateko gutako bat ote den»

Ez pentsa, ordea, gure komunitatea leku itxia denik. Inolaz ere ez. Kide berriak hartzeko prest gara beti. Adibide ikaragarria jarriko dizue: fantastiko batek izan ezik, zein beste zinemaldik onartuko luke 13 urteko mutil baten lana irekiera zeremonian? Guk bai, guk Bilbon 13 urteko Marti Nicolasen laburra izan genuen ikusgai, maiatzak bi egun baino ez zuela. Are gehiago, Martiren laburra Hallow Road bera baino lehenago agertu zen. Denon harridura eta gozamenerako.

«Baina, nola liteke?», galdetuko duzue Cannes aldera joatekotan zaudetenok. Ba, fantastikoak garelako eta gaztetxoen odola, haragia eta burua dastatzeko modukoak direla ederki dakigulako.

Kontatuko dizuet zer eta nola pasatu zen guztia. Zinemaldian, Quién te cantará, Magical Girl eta Gente en sitios bezalako pelikula arras markaz fuerakoetan parte hartu duen Eva Llorach aktorea omendu genuen. Ez zekien berak gutako bat izateko eskubidea zuenik, ez baitzuen uste zinema fantastikoan behar den neurrian sartua izan denik.

Badaezpada ere, eskatu zion bere 13 urteko ilobari zeozer beldurrezkoa sortzeko. Eta FANTekoei baimena eskatu proiektatzeko. Martik zonbien inguruko filma egin zuen, Eva protagonista. Eta festibalaren lehengo gauean izan genuen pantailan, nazioarteko estreinaldian!

Ikusten? Fantastikoak gara eta elkar ezagutzen dugu usnaka. Portzierto, Martiren laburrean, bere amamak, Evaren amak, hartzen du parte. Bai zinemaldi familiarra!

Antigoaleko garai bastante hurbiletan Karraka taldeak kantatzen zuen legez, «Bilbao Bilbao, zu zara Jolibú!».

(ID_14933327) (/EZEZAGUNA) unacarrona
Daniel Alegreteren Una carroña filmaren irudi bat. FANT
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.