Artea. Begiz

Weiwei berriz ere

Ismael Manterola
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Aurreko artikulu batean Ai Weiwei artista txinatarraren kontra Txinako gobernuak hartutako neurrien berri eman genuen. Orduan etxea eta lantokia birrindu zizkioten; orain artistaren atxiloketaren berri eman behar dugu.

Mendebaldean gertatzen denaren aurka, Txinan kulturak oraindik arazoak sor ditzakeela ematen du. Gobernuak idazleak eta artistak kartzelan sartzeko erabakia hartzen badu, sortzaile hauengan mehatxua ikusten duelako izango da.

Hala ere, Europan eta AEBetan ez dago Txinako gobernuaren aurkako iritzi gehiegizkorik, ez komunikabideen kanpaina erraldoia «tiranoa» gobernutik botatzeko. Txina ez da Libia, eta orain Gaddafiren ankerkeriarekin entretenituta gaude. Itxuraz, txandaka etsai musulmana berritzea tokatzen zaigu: Sadam, Ben Ali, Mubarak, Gaddafi... Inoiz ez Qatarreko edo Kuwaiteko emirra edo Saudi Arabiako erregea.

Hori bai, guztiei armak saldu ondoren zibilak babesteko armak erabiltzen ditugu. Armagintza industriak beti irabazten du.

Ai Weiwei artistaren atxiloketak ez du eragin protesta handirik nazioarteko gobernu «demokratikoen» artean, batez ere Txina delako Europako ekonomiaren ahultasuna konpontzera etorri den osaba aberatsa. Hori ikusita, ez dago aitzakiarik. Txinak jendea hil, atxilotu, kartzelatu, torturatu —hemen ere egiten den zerbait, bestalde—, atzerriratu egin dezake, edo eros dezake, esan beharko genuke. Ez da Nazio Batuen ebazpenik egongo artea inori ez zaiolako askorik interesatzen, eta, aldi berean, estatu askorentzat artea oraindik arriskutsua izan daitekeelako. Bitartean, denak gustura egongo gara Libiaren bonbardaketen bidez gure kontzientzia lasaitu dugulako. Jende arrunta babesteko egindako zilegizko beste gerrak Afrika iparraldea baretuko eta agintean dagoen diktadorea ahulduko duelakoan. Baina, zooma auzokoei gehiegi zabaldu gabe, Euskal Herrian egindako armekin sahararren kontra tiro egiten duen Marokoko diktadorearen «akatsak» ikus ez ditzagun badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.