Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Wilcoren ingurukoak

2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egia esan, ez nintzen hilaren 14an Wilcoko mutilek Bilbon eman zuten kontzertura bertaratu. Sorrarazten duten begirunea eta musikari gisa duten trebezia ukaezina baldin bada ere, bere disko eta emanaldiek ez naute erabat betetzen. Eta gakoa muinean bertan dago, abestietan. Haien maila gehienetan egokia izan arren, oso gutxitan da benetan nabarmena, eta iruditzen zait horrek kontzertu eta diskoak osotasunean pittin bat astuntzen dituela.

Hala eta guztiz ere, taldeko liderra den Jeff Tweedy pertsonaia erabat errespetagarri eta egungo musika munduan funtsezkotzat daukat. Batik bat, beste musikarien gaitasunaren katalizatzaile eta bozgorailu moduan egiten duen lanagatik diot mirespena. Haren inguruan, edo hark eraginda, beti gauza interesgarriak gertatzen dira. Hots, disko pare baten ekoizpena eta nahasketak Jim O'Rourke handiaren eskuetan uzteak ekarri zuen birsormen soniko koloretsua. Inprobisazioan eta esperimentazioan adituak diren Glenn Kotche eta Nels Cline moduko musikari ikaragarriei taldeak duen oihartzuna eskaini izana. Mavis Staplesentzat egindako ekoizpen eta konposizio lan dotorea…

Eta azkenik, eta oso bereziki, historiaren katakonbetatik Bill Fay musikari ingelesaren berpiztean parte hartu izana. Bill, 1971n inongo arrakastarik izan ez zuten bi disko zoragarri argitaratu zituenetik, industriatik aparte bizi izan da, gaur arte, etxeko pianoaren ondoan. 40 urte luze hauetan, haren inguruko kultua merezimendu guztiz handituz joan da; besteak beste, Jeffek haren abestien inguruan egindako bertsioen bultzadaren laguntzaz. Eta azkenik, 2012an, miraria gauzatu da. Zigilu txiki baten babesean, eta hainbat jarraitzaile sutsuren laguntzaz, Bill estudio batean sartu, eta etxeko bakardadean pixkanaka landutako doinu haiek grabatu ditu, edertasun bare eta ia espiritualeko Life is People maisulana osatuz. Jeffek, bere izena diskoaren kredituetan azaltzea duen garrantziaren jabe izanik, abesti batean kantatu du urte hauetako guztietako inspirazioaren ordainean. Nabarmen, Tweedy jauna...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.