Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

'Yellow Submarine'

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Jakina da nola asmatu zuen LSDa Albert Hofmannek. Egiari zor, asmatu baino gehiago, nahi gabe topatu zuen beste zerbaiten bila ari zela. Hofmannek berak probatu zuen, arratsalde batez etxera egin baino lehen. Bidaian zerbait gerta zekiokeela-eta, bere laguntzaileari eskatu zion etxeraino lagun ziezaion bizikletaz. Historiako bizikleta bidaia psikodelikoena, zalantzarik gabe. Bere begi aurrean zegoen guztia ondulatu eta distortsionatu egiten zen, jolas parke bateko ispiluen gelan bezala.

Duela gutxi artikulu batean psikonautei buruz hitz egiten zuten. Ostia, psikonauta, izen erakargarria, pentsatu nuen, eta burmuinaren barneko iluntasunean barrena, ametsen gai berberaz egindako belaontzi batean irudikatu nuen neure burua, eta iluntasun hori urratzeko linterna modura, gai psikoaktibo bat. Eta bidaia horretan, erdi lo uzkurturik gorderik dauden zure barneko beldur eta espantuak, inoiz ikusitako kolore bizienak, inkoherentziaren magia, deskubritu. Izen glamour-oso eta iradokitzailea, bai horixe! Gure garaian, drogadikto esaten zitzaion holakoari. Nolanahi ere, ez dirudi izen aldaketa soila denik. Hemen garrantzitsuena da drogen bidez lortu nahi dena, eta horrek ezartzen du drogazale zorrizto edo psikonautaren arteko aldea. Psikonauta: «Espazio, denbora eta subjektuaren koordenatuak zeharkatzen dituen pertsona da, izatearen bideetan barrena iragaten dena. Arimaren erromes, esploratzaile, enigmak dituena maite». Harrapa! Eta beherago, psikonauta ezagunenen zerrendatxo bat, adibide gisa. Horien artean, Lou Reed, Ernst Junger eta Jack Kerouac.

Egia da drogarekiko lehenengo hurbilketa haiek bazutela asko erritual eta psikonautikaz. Egia ere bada sorkuntzarako erabili izan dugula, esperimentu gisa, zure kontzientziak, egoera alteratu horretan, zein ahots zeukan bilatu nahian. Nork bere burua hobeto ezagutzeko bide bezala ere ulertzen genuen, barrenean bizi ziren beste niak ezagutzeko irrika eta beldurrez. Idazleak, margolariak, musikariak... asko dira esperientzia psikodeliko horietatik abiatuta euren emaitza utzi digutenak. Jimmy Hendrix, Lou Reed edo Syd Barrett bezalako musikariak entzuten, drogaren ahalmen sortzailearen ilusioa helarazten zitzaigun. Kontzientzia eraldatzen duten gaiek arrasto sakona utzi digute. Onerako zein txarrerako. Pink Floyden musikaren psikodelia, Aldous Huxleyren «pertzepzioarenateak» edo John ColtrainerenA Love Supreme diskoaren espiritualtasuna.

Litekeena da LSD bezalako gai psikoaktiboek pentsamenduaren eta pertzeptzioaren sublimazioa ekartzea. Arima bezalako kontzeptu enigmatikoak gertagarriago sumatzen dira horrelako esperientzia baten ondoren, ez dauden munduetatik irudiak, sentsazioak eta usainak garraiatzen dira kontzientziaren planora. Horixe bera egiten dute hainbat xaman edo aztik, gai psikoaktiboek irekitzen duten munduan aholkua eskatu, eta jakinduria hori ezagutzen dugun errealitate honetara ekarri. Hala ere, ez dakit ez ote den ezagutza-irrika hori galdu. Drogaren alde ludikoa gailendu da hainbeste, ezen psikonautikaz hitz egitea txoromorotzeko aitzakia merke bat bilatzea dela ematen baitu.

Ludikotasun hori dela-eta, egun kokaina edo anfetamina bezalako pizgarriak erabiltzen dira. Egia esan, 80ko urteek utzi zuten panorama tragikoak ez du bide horretan laguntzen, ezta gizarteak hartu duen erritmo biziak edo gizartean gailendu diren balioek ere: praktikotasuna, irabazi ekonomikoa, produkzioa, eta abar. Koordenatu horietan ez dago psikonautikaz hitz egiterik. Espazio zabala eta denbora geldoago bat behar dira horretarako, Lucyk zeruan diamanteekin jolasten zuenekoa adibidez, edo Gariren Amapola, barne munduaren zabaltasun mugagabearen erakusgarri, Aitor Oñederraren bideo psikodelikoa lagun. Kantu bikain hori entzun nahi nuke orain Psylocibenean, bai, aspaldi ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.