Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Yin yang

2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Imanol Larzabalen ahots sarkor eta moldagarriak, Karlos Gimenezen pianoaren laguntza paregabeaz, erakutsi zigun zoriona beti besterena dela, Iratze okre geldiak izeneko disko gogoangarrian. Eta oroitzen naiz zein barruan gorde nuen mezua udako arratsalde nagi horietan, Kortezubiko udaletxe zaharrean atondutako AEK-ko barnetegian lanean ari nintzela. Denak bazkalosteko biaoa egiten ari zirela, Imanolek «maite zaitut zorion» kantatzen zidan, eta inon ez zegoela eta amaitzen zela gaztigatzen zidan. Gazte kuadrilla handia bildua ginen etxe zahar hartan hamabost eguneko ikastarorako. Eta begiratzen nituen, eta haien zoriona atzematen saiatzen nintzen, eta zinez ematen zuen arazorik batere gabe bizi zen lagunartea zela, ez zitzaien sumatzen damuaren edo erruaren itzal beltza azal gazte eta distirant horietan, begirada fresko eta aratzetan perfekzioa eta zoriona besterik ezin sumatu. Eta hala behar zuen izan nigan ere, haiek bezain gazte edo gazteago nintzelarik garai hartan. Baina nik banuen nire barrenen berri. Jakitun nintzen ezkutatutako egiez, gezur lotsagarriez, egite lizunez, eta zoriona jada ez zegokidan zerbait bezala ikusten nuen, zoriona berez perfekzioa delako, irribarre txuri zabala, axolagabea, lasaia.

Denborarekin ikasten da inor ez dela zorionaren jabe, zoriona beti besterena delako, eta besteren hori inorena ez dela esan nahi duelako. Horixe zen Imanolen mezua. Baina erruaren zamaz irakatsiak izan garenok zoriona bezalako kontzeptu hipnotikoa behar dugu, edo behar digute promestu, helburu bilaka dakigun. Pixkanaka jan gaituen errealitate eta patu gero eta hertsiago hauekin etsitzeko arrazoi bat behar dugulako, horregatik existitzen da, horregatik dago hain gainbaloratua, horregatik bilakatzen da zoritxar, berez zorionik ez dagoelako. Eme eta ar, txuri eta beltz, zeru eta lurra binomioetan bezala, errua eta zoriona da giristinoen yin-yang partikularra.

Zoriona derrigorrezkoa bilakatu zaigu, zorion betea, biribila, akasgabea, Hollywoodek hain gertu eta eskuragarri dagoela erakutsi digutenetik, besteak beste. Filmetan, telebista saioetan, aldizkarietako kolorezko argazkietan zoriona potroetatik harrapatuta daukaten irabazleen biba astuna entzuten den guztietan, euren mixeriez inoiz baino kontzienteago bilakatzen diren gixajo multzo berri bat sortzen da, lexatin, trankimazin, eta antidepresiboen kontsumitzaile potentzialak, besteen zorion betea zoritxar itogarri bilakatu zaielako.

Kableko telebistaren bidez ikus ditzakete irabazle zoriontsuak, jakintsuak, lasaiak, orekatuak, lehiatsuak, saiatuak. Eta haien modukoak ez izateagatik etsita bizi dira. Batzuetan, gogoko duten film batean murgilduta daudenean, perfekzio hori erdiesteko gauza direla iruditzen zaie. Baina berehala lurruntzen da ameskeria, iragarkien tartean, txizagalea izaki, komuneko ispiluan euren aurpegi arrunt eta puztuak ikustearekin batera. Eta inoiz baino zikinago sentitzen dira, eta ez dakite zergatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.