Arantza Santesteban
Oharkabekoen genealogia

Zergatik ez, panpox

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Joan den mendeko azken hamarkaden testuinguruan egin ziren hainbat pelikula feministatan, nagusiki emakumeek egiten dituzten eguneroko zereginen zerrenda amaigabeak agertzen dira: etxeko lanen zerrenda zehatzak, ondoez ekonomiko, fisiko eta emozional askotarikoen zerrendak, biharko eta etziko pendiente dauden enkarguen zerrendak… Chantal Akermanek Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles filmean (1975) imajinetara ekarri zuen emakume langile baten errutina krudela, eguneroko keinuen errepikakortasun hilgarri hori inork baino hobeto irudikatuz.

Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1986) Arantxa Urretabizkaiaren eleberri laburraren zinema adaptazio ederra da. Protagonista —Arantxa Renteria aktorea— lanari, maitasunik ezari eta amatasunari emana bizi da, bizitzaren zerrendaratze alienagarri batean. Txema bikotekideak halako batean abandonatu ditu bera eta elkarrekin eduki duten Antxon semea, eta, hortik aurrera, egunerokotasunaren zama astun horretan zain egotearen latentzian bizi den emakumearen pentsamendu jarioa kontatzen du filmak.

Xabier Elorriagaren 'Zergatik panpox' filma. BERRIA

Xabier Elorriagaren Zergatik panpox filma. BERRIA

Josu Martinez ikerlari eta zinemagileak sakon aztertu duen moduan, joan den mendeko 80ko hamarkadan Euskal Autonomia Erkidegoan izandako zinema susperraldiaren erdian erditu zen filma. Euskara hutsean idatzitako filmak babesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak ehun milioi pezeta eman zizkien Irati Films-eko ekoizleei iraupen ertaineko hiru film egin zitzaten, gerora, telebista publikoan emititzeko. Hala, euskara hutsean, euskal idazleen nobeletan oinarritutako trilogia horri bide eman zioten: Anjel Lertxundiren Hamaseigarren aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1986) eta aipagai dugun Elorriagaren hau. Aurrekontu mugatua zutela eta, hiru filmak errodatu ziren bata bestearen atzetik, ziurrenik, ekipo teknikoari errentagarri atera zekion. Banaketa eskasa eduki zuten zintek, besteak beste, iraupen kontuak zirela eta: luzeegiak film laburren zirkuituan mugitzeko eta motzegiak film luzeen ibilbideetan kolokatzeko. Ekoizle lanak egin zituen Jesus Acinek halaxe errekonozitu zuen: «Gobernuari eman nion kontratatu zuen produktua, eta, ondoren, euren zirkuitu instituzionaletatik mugitzetik haratago, galdegin zuten: zer egin dezakegu orain film hauekin?».

Euskara hutsean idatzitako filmak babesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak ehun milioi pezeta eman zizkien Irati Films-eko ekoizleei iraupen ertaineko hiru film egin zitzaten.

«Txemak alde eginez gero», galdekatzen du protagonistak behin eta berriz. Alde egin du hirukote baten atal huts bat baino gehiago izan nahi duelako, «bizi nahi dut, bizi, hori ez da bekatua». Bere desirak bizi nahi ditu Txemak, bere bikotekidearengandik eta semearengandik urrun, gizonaren autonomia horren bila, soltero betiereko bat. Filmaren irudi argitsuenak familia-hirukotea zirenekoak dira, ustezko unitate konpaktu bat osatzen zutenekoa: etxe bat alokatu, etxe bat ordenatu, etxe bat berrantolatu datorren umearentzat. Eta elipsiaren magiaren hurrengo sekuentzian, ume bat jaio. Hortik aurrera, Txemari kopeta ilunduko zaio, itzaltzen joango da; izan ere, familiaren zamatik eta berak egiten ez dituen, baina egin gabe ere, hain asumitu ezinak zaizkion zerrenda horien diktaduratik ihes egin nahi duelako. Halako desertzio bat egiten du Txemak, gerratearen horroretik ihes egiten duten horiek bezala; berak alde egiten du familia-bizierak eragiten dion estutasunetik. Halere, «zergatik panpox?» galdera erretorikoa errepikatzen du andrazkoak; ezin gorpuzturik dabil senarraren jokabidea.

'Zergatik panpox' filma
Zergatik panpox filma. BERRIA

Galderak galdera, filmaren irekiera ez datza balizko erantzun batean; kontrara, galdera horren errepikapenean ardazten dira garai bateko kezkak, gaur egun oraindik jirabiraka darabilzkigunak. Nola bizi asetasun onargarri batean, ihes egitearen eta zain egotearen artean irekitzen den espazio horretan? Bizitza afera problematikoa da zinez, potoloa, sakonegia agian. Baina gure belaunaldiei dagokigu film horretan egiten diren galderei eustea. Nora egiten dugu ihes, ihes egiten dugunean? Zeren zain geratzen gara ondokoek gugandik alde egiten dutenean? Eta, finean, nola bizi dezakegu bizitza desiragarri bat, idealizazio gehiegirik gabe, baina berezkoak ditugun barne potentziak askatzeko saiakeran behinik behin?

Susan Sontagek ere behar-beharrezkoak omen zituen listak, zerrendatzen zituen gogoko zituenak eta ez zituenak, eta baita irentsi ezin zituen interesak ere: «Naizen hori, nire interesak, nire potentziala, ez da existituko zerrenda horietan mantentzen ez badut». Agian, has gaitezke bestelako zerrenda batzuk proposatzen dituzten filmak egiten, zergatik ez. Imajina al ditzakegu bestelako bizitza zentzu desiragarriago batzuk, panpox?

'Zergatik panpox'

Zuzendaria: Xabier Elorriaga.
Iraupena: 55 minutu.
Urtea: 1986.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.