begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ziento bat malefiko eta apostata bildurik…

2025eko uztailaren 11
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asisko Urmeneta deabruaren lagun finaren bandera beltzaren pean juntatu dira hamaika baino askoz gehiago diren akelarreko errege, malefiko, apostata, idolatra eta blasfemo (ez dira substantibo horiek irainak, definizio ederrak baizik, horrela azaltzen baitute beren burua kreditu tituluetan...). Eta bildu dira Logroñoko parkinetan zein Joanes Leizarragak ezagutu zuen Nafarroa librearen larretan, Ni ez naiz sorgina dokumentala aurrera ateratzeko asmo galant eta maltzurraz. Estreinatuko da inoiz. Igual San Joan suaren biharamun batean. Igual Auritzen, non hainbat sorgin izan ziren exekutatuak joandako garai ilunetan. Ari dira egun malefiko horiek, artean Ander Lipus bera, Jose Angel Irigarai bera, Aitor Karasatorre bera, Eneko Gallartzagoitia bera, Luisillo Kalandraka bera daudela, zinemaldietan barna euren filma zabaldu nahian. Orain arte, politezia handiz emandako ostikoak besterik ez dituzte jaso erantzun gisa.

Saiatu behar dute, nik uste, herriz herriko zirkuitu aske eta guapoetan sartzen. Elkartzen da bertan zinemak eta bizitzak sorgindutako jende animosoa, eta gibel-solasak oparoak dira arras.

Ni ez naiz sorgina historiara, kondairara eta 1922an Benjamin Christensenek Häxan filmatu zuenetik zineman izan ditugun irudietara (zeina azken-aurreko proposamena Robert Eggersen The Witch den) so geratzen da tinko, eta azpikoz gora jartzen ditu hiru ustezko segurantza horiek. Baita gure zeluloidezko sinesmen/ameskeria franko ere.

Hori du etxekalte Ni ez naiz sorgina-k. Zinemajaleok ez dugu batere gogoko inork barrukoz kanpora eramatea geure egin ditugun fotogramak. Eta hori egiten du, hain zuzen (hain oker) ere, Asisko eta konpainiaren pelikulak, goi mailako irakasle eta ikerlari saldo baten sostenguaz. Sorginak ez bide ziren sorginak, eta jasan zituzten tormentuak (gizonezkoek baino braboago jasan ere, Pierre de Lancreren suzko esanetan) ez ziren Deabruarekin hartu-emanetan izateagatik, baizik eta herri matxinoak birrintzeko beste arma mota bat. Errebeldia ezabatzeko edo gerrek eta hitzarmen politikoek ezarritako muga faltsuen gainetik osaturiko komunitateak biolentoki banatzeko estrategia zehatz programatua.

Baziren arrazoi ekonomikoak ere. Unibertsitateetan ikasitako medikuek begi txarrez begiratzen zieten herritarren konfiantza osoa zuten belargile horiei, negozioak ihes egingo zien beldur.

Ez, ez omen ziren sorginak. Ez, ez omen zituzten gaitzaren besoetan gauak gozo-gozo pasatzen. Ez, ez bide zituzten naturaren indar ilunak menderatzen... Lastima. Gutako batzuek horrelako emakumeak eta ez gizonezkoen txarkeriaren biktima hutsak zirenak nahiko (nahiago) genituzke ahizpak. Gutako legio batek Valentine Penroseren La Comtesse Sanglante liburuan benetan existitu zen Erzsebeth Bathory gizaki malefikoa laguntzen zuen sorgin iluna estimu handiagotan dugu, Logroñon zein Auritzen «ni ez naiz sorgina» ahoz gora aldarrikatzen zuten horiek bainoago.

Bai, ederki dakit, idatzitako horrek guztiak ez du oinarri historikorik. Ez eta fundamentu zientifikorik ere. Ez da bat etortzen azken teoria feministekin. Baina hori guztia ez da inportantea. Zinemajaleok ez diogu jaramon handirik egiten balizko, ustezko egiari (ba ote da horrelakorik?). Alderantziz. Aldrebes zeharo, guk zinemak iluntasunean sortutako errealitatean sinesten dugu. Tinko eta irmo. Guretzat John Forden The Man Who Shot Liberty Balance epifania antzeko bat izan zen, nahi genituen faltsukeriarik handienetan nekerik gabe sinisteko aitzakia ederra eman zigulako. Bertan, guretzat agindua den When the legend becomes fact, print the legend entzuten da. Eta guk, belauniko onartu eta betiko inplementatu/ezarri/egokitu gure bizitzeko eta munduan aritzeko, izateko erara. Guk ere kondaira bihurtzen dugu historia eta beharrezkoa bada, inprimatu ere bai. Lasai asko, zoriontsu eta zorioneko asko.

Zinemajaleok ez diogu jaramon handirik egiten balizko, ustezko egiari (ba ote da horrelakorik?). Alderantziz. Aldrebes zeharo, guk zinemak iluntasunean sortutako errealitatean sinesten dugu. Tinko eta irmo.

Horrexegatik, nahiz eta jakin erraturik gaudela, nahiz eta Ni ez naiz sorgina bizi-arnasa galdu arte defendatuko dugula aldarrikatu, zinez dizuet (dizuegu) gutako legio batek ekaitzak eta herioa menderatzen zituzten sorginak nahiago ditugula. Akerraren adar okerrak gustuko ditugulako.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' filmaren grabaketako une bat. NIEZNAIZSORGINA.EUS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.