Jaione Camborda Donostiako zinemagileak Galizian sortu duen ekoiztetxeak Esnatu Zinema du izena. Sentimendu hurbilak esnarazten ditu O Corno filmak, pantailan ageri dena gogorra bada ere. Eta erditze hunkigarri batekin hasten den pelikula iradokitzaile bilakatzen da istorioak aurrera egin ahala; goxotasun xaloz eramaten du ikuslea zuzendariak emakumeen bidaian. Sail Ofizialeko epaimahaiak Cambordaren gertuko begirada eskertu du, eta Urrezko Maskorra sororitatearentzat izan da.
Aurreko hiru urteetan ere, Urrezko Maskorra emakumezko zinemagileek eraman zuten: 2020an, Georgiako Dea Kulumbegaxvilik Beginning filmarekin; 2021ean, Errumaniako Alina Grigorek Crai Nou-rekin; eta iaz, Kolonbiako Laura Morak Los reyes del mundo-rekin. Aurtengo irabazleak, Cambordak, begirada zinematografiko interesgarria du. Eta Urrezko Maskorrak bultzada emango dio O Corno-ri, urriaren 11n areto komertzialetan hasiko duen bideari begira.
O Corno film ederra nabarmendu du epaimahaiak, merezimendu osoz, kalitatez apal samarra izan den aukeraketa batean. Oro har, aurten lehian ziren filmen artean ez da zakarrontzira botatzeko lanik egon, baina ez da agertu ikusle guztiak aho zabalik eta liluratuta utzi duen pelikularik ere. Aniztasun handia egon da gaitegian eta formatuetan. Eta denen artean, Cambordarena izan da pelikularik deigarrienetakoa. Haren begirada asko eskertzen da. Bada, gainera, goraipatzeko zerbait filmean: ikuslea aretotik sentimenduz beteta ateratzen da, pantailan agertutakoak benetan hunkitzen baitu.
Zuzendari onenaren saria Taiwango Tzu-Hui Pengek eta Ping-Wen Wangek eraman dute, A Journey in Spring filmarengatik. Ez da bereziki nabarmendu den pelikula bat izan, baina opera prima bat saritu nahi izan du epaimahaiak.
Ezohikoa izan da gidoi onenaren saria Puan filmearentzat izatea, komediak nekez saritzen baitira kategoria horretan. Baina merezita eraman dute saria Argentinako lan horretako gidoilariek, pelikulak lortzen baitu graziaz istorio interesgarri bat kontatzea, eta aldi berean, ikusleen irria sorraraztea.
Aktore protagonisten artean, bazeuden hautagai sendo batzuk: Un Silence-ko Emmanuelle Devos, The Royal Hotel-eko Julia Garner, eta batez ere aipatzen zen Un amor filmeko Laia Costa kataluniarra. Puan filmeko Marcelo Subiotto eta Great Absence-ko Tatsuja Fuji sarituek lan paregabea egiten dutela ezin da ukatu, ordea. Taldeko aktore onena Un amor filmeko Hovik Keuchkerianek eraman du. Pantailan Keuchkerianek presentzia indartsua du, mendi baten modukoa.
Argazki onena Groenlandian girotutako Kalak filmarentzat izan da. Berezia da pelikula horretako argia, nahiz eta aurten argazkirik ikusgarriena izan duen filma Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt izan den. Epaimahairen Sari Berezia ere jaso du Kalak-ek, eta aitortu behar da Isabella Eklof zinemagileak film ausarta egin duela. Ezerosoa ere bai une batzuetan.
Donostiako 71. Zinemaldia. Sari banaketa. ANALISIA
Zinema sororitatez erditzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu