begona del teso
Eppur si muove

Zinemak maileguz emandako ametsak

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur estreinatuko da Hegoaldean Cecilia Ricoren La buena letra, Malagako Zinemaldian Epaimahaiaren aipamena jaso zuena, Loreto Mauleon, Enric Auquer eta Roger Casamajor antzezle dituena. Filmak Valentzian jaiotako Rafael Chirbes idazle arras garrantzitsuaren nobela du inspirazio, ardatz, oinarri: autoreak amodioari, oinazeari, heriotzari, memoriari eta inozentziari buruz egindako gogoeta eder bezain gupidagabeak egiten ditu horretan.

Ez zuen Chirbesek gehiegi sinisten adiskidetzean. Errezeloa zion. Izan ere, bere La buena letra-ren azken edizioetan gibel atala kentzeko eskatu/exijitu zuen. Bertan bi ezkonarrebaren arteko bake-egite bat zegoen. Chirbesek azken edizio horietan idatzi zuen oharrean argi eta garbi azaltzen zen bukaera hark denborak justizia egiten duela adierazten zuela. Rafael ez zegoen ados. Haren ustez, ez da denboraren eginbeharra bidegabekeriak zuzentzea. Aldiz, oso aldiz, denborak handitu, sakondu, usteldu egiten ditu zuzengabekeria horiek. Eta Chirbesek atal hura ezabatu zuen irakurlea libratu nahi izan zuelako «esperantzaren amarrutik».

Bai, min ematen du sarri La buena letra nobelak. Bertan, emakume batek gutunak idazten dizkio semeari. Gutun horiek Espainiako Gerra Zibila pasa berria zen garaietara garamatza. Beldurra. Tristezia. Bizitza latza. Alegrantziarako motibo gutxi. Argi elektrikorik ez Valentziako herri txiki hartan. Kandelak piztu behar. Baina kandelek itzal izuzkoak eragiten dituzte haurren gelan, gauez.

Argirik ez, gosea bai. Kaferik ez, txikoria bai. Dirurik, jakina, ez. Eta oraindik, tiroak mendian, soroetan.

«Zinema hor zegoen, baina. [Rafael] Chirbesek behin baino gehiagotan aipatzen du zinema nobelan. Zinema, aterpe. Hotzaren kontrakoa, etxeetan ez baitzegoen sutarako egur askorik; askoz gutxiago ikatzik. Zinema, munduaren zakarkeriaz ahazteko lekua… gerra irabazi zuten horietako bat bazina, jakina»

Zinema hor zegoen, baina. Chirbesek behin baino gehiagotan aipatzen du zinema nobelan. Zinema, aterpe. Hotzaren kontrakoa, etxeetan ez baitzegoen sutarako egur askorik; askoz gutxiago ikatzik. Zinema, munduaren zakarkeriaz ahazteko lekua… gerra irabazi zuten horietako bat bazina, jakina. Herri txikietan, non denek ezagutzen zuten elkar, garaileek biraoka hartzen zituzten garaituak, pelikula bat ikustera arrimatzen ausartzen baziren. Zinema, babesleku atsegina… onartzen bazenuen, emanaldia bukatu orduko, besoa altxatu behar zenuela eta Zegamako semea zen Juan Telleriak sortutako Cara al sol ereserkia abestu. Min ematen bazizun ere kantatzen bazenuen ez pentsa auzia konponduta zegoenik. Garaileetako batzuek, bronka bila, zera esango zuten harroxko: «Ez dugu nahi komunista batek gure abestia zikintzea; zoaz, edo tiro egingo dugu…».

Eta hala ere, Chirbesek behin eta berriro aldarrikatzen du zinema babesleku dela. Joaten ziren gizonezkoak (zeinen zaila, zeinen zakar gizona izatea garai ilun haietan!) futbolera eta emakumeak zinemara (sos txikiak baziren, noski…). Igandea zen. Eta aretoan ikusitakoaz aste osoan akordatzen ziren emakume horiek.

Zinema hiztuna zen dagoeneko, baina gerra aurreko zinema hitzik gabekoa gogoratzen zuten, nostalgiaz, neskek. Orduan, zinemak soinurik ez zueneko egun haietan, pantaila ondoan izaten zen piano bat, musika izaten baitzen zuzenean, pelikula lagunduz. Eta herriko neska guztiak ziren piano jotzailearekin maiteminetan. Ilehoria zen Guapoa. Baina gerra eta zinema soinuduna iritsi ziren. Inork ez zuen gehiago ikusi mutil lirain hura. Eta pianoa betiko geratu zen mutu eszenatokiaren izkina batean…

Bizitza zen gogorra, eta ametsak, txikienak ere, lortzeko ezinezkoak. Horrenbestekoa zen tristura, ezen protagonistak aitortzen baitu zineman egiten duela negar. Drama bat ikusten ari delako? Ez, besterik gabe. Derrepentean negar egin, harira etorri barik, malkoak begietan.

'La buena letra' filmeko irudi.
La buena letra filma.

Orain gurean estreinatuko den pelikula bihurtu den nobelan bada pasarte ikaragarri eder bat non agerian geratzen den zinemaren indarra. Protagonista gogoetan ari da. Aipatu egoera iluna pixka bat arindu da, leundu. Bada beraz kostata lortu duten gutxi horrekin amets egitea, bai. Amets urriak baina gozoak. Zinemak maileguz ematen dizkigunak bezain deliziosak.

Gure egiten ditugu, bai, gaur ere, zinemak maileguz utzitako amets horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.