Ismael Manterola
BEGIZ

Zorionak, Koldo Mitxelena

2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Koldo Mitxelena Kulturuneak 20 urte bete ditu. Kultur azpiegituretan bizi garen murrizketa garai hauetan inbidia pixka bat ematen du KM bezalako kultur birika antzeko bat izatea Euskal Herriko hiriburu batean. Liburutegia, erakusketa areto nagusia, erakusketa txikiagoak egiteko ganbarako aretoa, hitzaldi aretoa, milaka eta milaka kultur ekitaldi; ez da erraza horrelako zerbait topatzea beste hiriburuetan. Gainera, ibilbideari begira, gaur egun baino oparoagoa izan da 20 urte hauetan aurrera eramandako kultur egitaraua, ez bakarrik antolatu dituzten ekitaldi kopuruari begira, izan duten kalitatea aipatu beharko genuke, batez ere.

Arteari dagokiona besterik aztertuko ez bagenu, zaila izango da aurkitzea 20 urteotan hain ibilbide koherentea izan duen horrelako aretorik Euskal Herrian. Nahiz eta bakarkako erakusketak antolatu dituzten, egunerokotasun handiko gaiak aztertzea izan da KMko erakusketen zeregina, eta hori da, nire ustez, aretoaren ezaugarria. Horren harira erakusketa asko aipatu daitezke, baina minimal arteari buruzkoa, Ironia izenekoa, Irudi lausotua, Iraultza ostean, Ahalegina, Nomadak eta liburuzainak, Gure mundua, Ibilerak, Medioa museoa da... azpimarratuko nituzke. Horrekin batera, antolatutako erakusketetan lanak bertarako produzitzeko egin duten ahalegina aipatzeko moduko alderdia iruditzen zait; batez ere, gaur eguneko aurrekontu murrizketekin ditugun gabeziak kontuan izanda. Artista bakar batek erakutsi duenean ere, beti izan da proiektu moduan aurkeztutako erakusketa, aukera berriak emanez aretoko espazio bereziarekin lan egiteko edo bat egiteko.

Horixe bera ikus daiteke egun hauetan dagoen erakusketan ere. Biblioteka eta jakintza izeneko erakusketak 20 urteko ibilbidearen ospakizuna izan nahi du; KMren zentroaren oinarriei egindako omenaldia, alegia. Horretarako 12 artistaren punta-puntako lanak ekarri dituzte, eta Euskal Herriko lau artistari aukera eman die bertarako proiektuak sortzeko; hain zuzen, lehen aipatutako produkzio lanaren erakusgarri ederra izan daiteke.

Ibilbide horren interesgarria izan duen aretoari zorionak emateaz aparte, ezin dut ezkutatu beldur pixka bat dudala. Etorkizunean horrelako edo bestelako, baina ildo koherente bat mantentzearen gaineko beldurra, bi arrazoitan oinarrituta: bat, aretoaren egitarauari aurrekontu murrizketak egin diezaiokeen kaltea, eta bigarrena, Donostiarako pentsatuta dauden azpiegitura berriek KM bezalako aretoari eragin diezaioketen definiziorik eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.