Egia bada Stephen Hawking fisikari famatuak iragarri duena, zulo beltzak ez direla existitzen, baliteke Einsteinen teoriak ere pixka bat doitu behar izatea, zulo beltzak erlatibitatearen teoriarekin estuki lotuta daudelako. Nola? Ez da erraz ulertzen, ezta erraz azaltzen ere. Baina badirudi zulo beltza deitu izan direnak materia eta masa pilaketa kaotiko eta indeskriptible samarrak direla, anabasa kosmikoa, zalantza guztien enbutua. Hori guztia izan, badira. Ez, ordea, zulo; ez, dena irensten duen tragantua erraldoia; ez, inora ez doan estolda neurrigabea: Hawkingek uste du argia, esaterako, gai dela zurrunbiloari ihes egiteko, zurrupaldi ikusezin eta gaindiezin horretatik askatzeko. Zirrikituren bat badagoela. Zulo horiek, beraz, ez direla hain zulo, eta ez direla hain beltz.
Izan zen misterio horiek guztiak euskaraz azaltzen ahalegindu zen aitzindaririk. Augustin Anabitarte, lehenetako bat: 1923. urtean Einsteinen teorien azalpena eman zuen Euzkadi aldizkarian. Anabitarte XX. mende hasierako euskaltzale prestua izan zen, Argia aldizkariaren sortzaileetako bat, Euskal-Esnalea, RIEV, Gipuzkoarra eta beste aldizkarietako kolaboratzailea, eta, Ibon Sarasolaren ustez, nobelagile aipagarria, «Agirreren pare agian».
Bitxia da, esaterako, 1961ean argitaratu zuen Aprikako basamortuan lana, Saharan bizi izandakoa oinarritzat hartuta. Maiz bidaiatu zuen Italia, Grezia, Turkia, Israel, Libano, Rodas, Egipto, eta, oro har, Mediterraneo osoan zehar. Saharan ikusitakoarekin honako hau idatzi zuen: «Baginjoazen bada Kaxban gora, gero ta kale bildurgarriagoetan. Kasta guztitako ta jantzi guztitako gizona bazan. Baziran moruak eta beltzak, eta bien artekorik asko, ez oso abegi onekoak. Jendea erruz kaleetan. Baziran buru gañetik lurrerañoko jantziak txano ta guzti, eta baziran jantziaren bearrez zarpallez josiak, galtza putzak; baziran buru-jirako zapi zuriekin, buruko gorriak zituztenak eta gabe zebiltzanak, eta asko moduzko burukoekin zijoazenak. Emakumeak begiak ezik estaliak. Baño geiena arritu ninduana, neskari txilabaren azpian zapatak takoi luzeakin ikusteak. Emakumea beti emakume!». Juan Bautista Bilbao Batxi gogora ekartzen duten pasarteak.
Einsteinen teoria frogatutzat eman eta lau urte eskasera argitaratutako artikuluengatik, Anabitarte euskarazko prosa zientifikoaren aitzindarietako bat ere izan zen.
Ezin esan, nolanahi ere, erlatibitatearen teoria hura azaltzeko ahalegina emankorra izan zenik; gaiagatik, eta idazkeragatik. «Baldin igorri-asiera (punto de partida de referencia) zeatz ipintzen ez badugu, igitasun ta azkartasun zearorik (absoluto) ez da, adigai oiek arauzkoak (relativos) dira. Einstein'en ustariak orren ondotik dabiltza. Igindar-gertagietan (fenómenos mecánicos) diran bezela, Einstein'ek izaki-gertagi (fenómenos físicos) guztietara zabaldu ditu adigai oiek, ta baita igitze guztietara. Lengo era orretan, gu gabiltzala, asmatu liteken aldi-neurkuñarekin aldia (el tiempo en el espacio) arauzkoa dala ere egiztatu liteke, lengo baldintzean».
Garbi dago falta zuela gaur egun eskura dugun terminologia arautua. Garbi dago, Karmele Artetxek Einstein Euzkadin liburuan azaldu duen bezala, ariketa linguistikoa izan zela Anabitarterena, ariketa zientifikoa baino. Garai hartan puri-purian baitzegoen euskara gai jasoak edo jakinduria unibertsala transmititzeko ezgauza zeneko ustea. Unamunok bazerabilen; Barojak ere bai.
Euzkadi aldizkariko zuzendari Kirikiñok berak nabarmendu zuen Anabitarteren artikuluak ez zirela, beharbada, aldizkarian argitaratzekoak izango, gaiagatik, baina horrelako ahaleginak beharrezkoak zirela hizkuntzaren gaitasuna zalantzan jartzen zutenei ahoa estaltzeko, «jakin dayen danak euzkeraz edozer adierazo leikela».
Polita da nola arrazoitu zuen Kirikiñok testuaren ulergarritasun eskasa. «Unamuno'k eta orreek esango leuskigue, Anabi'k idatzi dauana eztala ulertzen. Danak ez, eztabe ulertuko, baña bai askok. Eta erantzungo dautsegu orrei, Anabi'k euzkeraz idatzi dauna españeraz idatziko balitz be, erdel-irakurlerik geyenak 'in albis' geldituko litxakezala, eta biarba, Unamuno ta Baroja ta eurok be bai».
Zulo beltzak hizkuntza guztietan daudela, alegia.

Sorbideak
Zulo beltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu