Aurreko astean, jarrera maltzur egokiari eusteko arauak ezarri genituen. Kontu horietan gehiago sakontzeko beharrean bazaude, ez irakurri sekula zuzendari baten biografia baimendua; bere helburua lortzeko edozer gauza egiteko gai den ergel baten pare irudikatzen ez badu, utzi segituan liburua: faltsua da. Salbuespenak badaude, Lubistch edo Armendariz esaterako, baina ez fidatu.
09. Eduki ezazu gidoilaria zure ondoan, kontrolpean. Idazlea zu zeu baldin bazara, ahaztu ezazu ahalik eta arinen literaturari buruz dakizun guztia: irudietan pentsatu behar duzu.
10. Lantzean behin utzi albo batera zure faxismoa eta entzun besteen iritzia. Baina banaka, bi pertsona oilar-auska bakoitzeko: su-gurutzatua zeure buruaren kalte izango da, eta emaitzarenerako, noski. Plano bakoitzak behar duen denbora iraun behar du. Ez laga inori «moztu!» zure aurretik esaten.
11. Sasoi betean egon. Zuzendari askok —batez ere ospetsuek— fisikoki klixe tripaundi bihurtzeko joera dute, itxura horrekin besteek serio hartzeko-edo. Baina Elia Kazanek esan zuen bezala, zuzendari onek futbolarien hankak izan behar dituzte, denbora gehiena zutik ematen dute eta. Egin zaitez runner eta ez larritu, esan genuen bezala, lantaldeak edonola gorrotatuko zaitu.
12. Baimen osoa eman musikariari askatasunez konposatzeko; baliteke bera izatea inguruko artista bakarra. Zenbat eta ohar gutxiago egin, hobe, jaramon egiteko arriskua duzu eta.
13. Topatu muntatzaile on bat, buruan duzuna azaldu baino lehen aldez aurretik igartzen duena. Ziur aski, zuk baino hobeto jakingo du zer egin une oro. Gogoratu edizio-gelan pelikula guztiz berria sor dezakezula. Bota gidoi teknikoa paperontzira.
14. Hitchcocken ustez, aktoreak ganadua bezalakoak dira, baina okerragoak dira: aktoreak umeak dira. Ez zaitez egin beraien lagun, etengabe soka tenkatzen ibiliko dira, autoritarioa eta maitekorra den norbaiten bila, beraietaz harro zaudela entzun nahian. Eta pagatu, noski.
15. Eta garrantzitsuena, izan gertu dealer on bat. Stuff-ean (lantalde teknikoa) kontsumo-propioko nekazariak aurkituko dituzu -soinulariak, ziurrenik-. Zerbait gogorragoa behar baduzu, eskatu ekoizle exekutiboari, beti izango du zerbait.
Eta gogoratu, Tarkovskik oihu egin zuen bezala, «presta zaitezte batailarako!».
ZIN-ZINEZ
Zuzendari onaren liburu gorria (2/2)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu